Gipuzkoako Izan Bai heavy metal taldea estudiora itzuli da. Zumaiako Ozen estudioan lan labur berri bat grabatzeari ekin diote. Gogoratu behar da laukoteak Dena galdu baino lehen estreinako diskoa kaleratu zuela urte hasieran.
Hain zuzen ere, lehen lanaren grabazioa jasotzen duen dokumentala sareratuko dute datorren astelehenean. 30 minutu inguruko ikus-entzunezkoa bandaren Youtube kanalean ikusi ahal izango da. Kuku Maitiak egin du dokumentala.
Diskoan topatuko duzuen kantetako bat da Sustraiak egarri.
Usurbilgo Ixak Arruti (Mendeku Itxua, Izeberg) abeslari eta gitarrista da Izan Bai taldearen gidaria. Alboan ditu Martin Larrañaga (bateria), Ibon Aginaga (gitarra) eta Urtzi Olaziregi (baxua).