Gipuzkoako Izan Bai heavy metal taldea aurkezteko unea iritsi da. Ixak Arruti (Mendeku Itxua, Izeberg) abeslari eta gitarristaren abentura berria da.
Lagun zein musikari onez inguratu da: Martin Larrañaga (bateria), Ibon Aginaga (gitarra) eta Urtzi Olaziregi (baxua). Aipaturikoen curriculuma ere ez da nolanahikoa: Mendeku Itxua, Soa, Kraussk, Hira eta Kudai, besteak beste.
Bederatzi abestiko estreinako diskoa grabatzen eta fintzen ari dira Zumaiko Ozen estudioan. Lehen singlea urtea bukatu aurretik plazaratuko dute. Lana, berriz, 2025. urtearen hasiera aldean.
Arrutik berak datorrena nolakoa izango den adierazi dio Herriko Burdinari: "Musikalki, etxera bueltatzearen antzekoa izan da. Sustraietara itzuli naiz. Izan ere, proiektu honek heavy metala du oinarri, baina azken urteotan jasotako esperientzia aberasgarriaren eta heldutasun musikalaren emaitza da".