
Goierriko Izurri Berria heavy metal taldea egonkortu dute, kontzertuak emateko eta hirugarren diskoa konposatzeko. Hamazazpi urteko etenaren ondoren, 2019an elkartu ziren zuzeneko bi emanaldi eskaintzeko.
Gerora, musikari batzuk joan eta beste batzuk etorri ziren, eta egun lau kidek osatzen dute: Egoitz Andreu (ahotsa eta baxua), Enrique Ruiz (gitarra), Josemari Sanchez (gitarra) eta Jon Jaular (bateria).
Zuzenekoei dagokienez, maiatzaren 22an Tolosako Bonberenean ariko dira, eta ekainaren 5ean Villabonako Aljibean Etsaiakeroak bandarekin batera.
Izurri Berria 1991. urtean sortu zuten Ordiziako eta Beasaingo hainbat gaztek: Enrike, Gorka Patxi Bolas, Erri, Axier eta Eneko. Hamaika urteko ibilbidea izan zuen taldeak, eta tarte horretan bi disko argitaratu zituzten, ordurako bateria jotzailea zen Jon Jaularrekin: Izurri Berria (Autoekoizpena, 1998) eta Kontuz: Deabruaren legea (IZ Rock, 2001). Tamalez, 2002an Axier hil zen gaixotasun batengatik, eta banda desegitea erabaki zuten. Aipatu moduan, 2019an bueltatu ziren, eta aldaketak aldaketa aurrera egiteko asmoa dute.