Aldaketak aldaketa, Euskal Herriko heavy metal bandek aurrera egiteko asmoa dute. Hiru talderen joan-etorriak jaso ditugu.

Gasteizko Cavan metalcore bandak topatu du behar zuen kantaria: Mikel (Xuar ohia). Otsailean Edén estreinako diskoa plazaratu zuten Yeray abeslari ohiarekin. Ordutik, zuzenekoetara itzultzeko ordezkoaren bila ibili dira. Taldea osatuta, azaroaren 8an bueltatuko dira taula gainera, Arabako hiriburuko Urban Rock Concept aretoan.

Donostiako Zurbeltz metal taldeak denbora pasatu du bateria jotzaile baten bila. Azkenik, laukotea osatu dute Juan Anzarekin (Bloody Brotherhood ohia). Horrela, iazko abenduan kaleratu zuten Arimen atseden lekua lan laburra zuzenean aurkezteko aukera izango dute.

Durangoko Orion Child power metal bandak agur asko izan ditu azkenaldian. Jon Koldo Tera teklatu jotzaileak eta Oier Calvo Jones gitarristak taldea utzi ostean, duela gutxi Jose Alberto Arriola Rafi baxu jotzaileak ere kide izateari utzi dio. Ordezkorik ez dute iragarri, momentuz.