Katez - Argiz Iluntzen

Musikaren joerak errealitatearen isla dira. Rockaren aldarte gogorrekin bat egiten duten gazte belaunaldiek, hardcore eta metal doinuak irensten dituzte. Horiek kanpotik ekartzen dituzte belarrietara, eta batzuetan kanpora bidaltzen dituzte musikagintzan murgiltzen badira. Leitzako Katez taldea horrela sortu zen beraiek argituko dute, baina aipaturiko joeraren ondorio dira. Hori bai, Argiz Iluntzen da beraien hirugarren diskoaren izenburua.

Metalcore melodikoa lantzea erabaki zuten hasieratik, euskararen berezitasunarekin. Bai, ingelesak bere egina duen estiloa euskaraz kantatzeak gurean zein nazioartean beste askoren artetik bereizten ditu. Horrek ez du esan nahi aitzindariak eta bakarrak direnik. Dena dela, azken urtetan metal modernoa jorratzea erabaki duten hemengo taldeek beste hizkuntza bat lehenetsi dute. Testuinguru horretan, seikoteak ez ditu bozgorailu guztiak piztuta topatu, baina ez da izango merezi ez dutelako.

Hirugarrenean lortu dute proposamena erabat sendotzea. 2017ko Zain lan apartaren ondorengoa da Argiz Iluntzen. Osagai bakoitza bere lekuan jarrita, bi ahots moten kontrapuntuak tentetzen ditu belarriak. Markel Barriola eta Unai Urkiola abeslariak estiloan sobera hedatu den aurrez aurrekoa irudikatzen dute. Batek eztarria urratzen du garrasi amaigabeekin, eta besteak melodiak eraikitzen ditu. Bikotetik abiatuta seikotea osatzera iristen dira gainerako elementuekin: bateriaren eta baxuaren oinarria, gitarren distortsio zein pasarte melodikoak eta baxuegi dauden sintetizadoreak. Mikel Sagastibeltza eta Manex Moreno gitarristak, Julen Zeballos baxuak eta Oinatz Mariezkurrena bateriak osatzen dute kuadrilla.

Berba eta irudia maila berean lantzea erabaki zuten, eta argitalpena eskuan hartuta nabari da ahalegina. Kantu bakoitzaren mezua jasotzen duen marrazki bana jaso dute liburuxkan. Horietatik azpimarratzekoak dira bideoklip txukunekin estreinatu dituzten hiruak: Argiz Iluntzen, Aurpegia Biluztu eta Ortzadarra. Borobilenak dira Gutuna eta Arnastu.Hausnartu.Ausartu iradokitzaileekin batera. Aurrez aipaturiko osagaiak oso presente daude guztietan. Metalcore banda ezagunek aurrez egindakora ez dira mugatu, kantuen egitura erakargarriak, errepika deigarriak eta ahotsen jolasak behar bezala baliatuta.

Azken hiru urtetako lanaren emaitza da Argiz Iluntzen. Zirenetik direnera pasatzeko hainbat erabaki hartu zituzten, eta baita asmatu ere. Iazko otsailean hasi ziren diskoa grabatzen, eta hilabetera etorri zen pandemia. Uztailean bukatu zuten grabazioa, eta prozesu osoan laguntzaile finak izan dituzte. Fran Perez, Jonan Ordorika, Javier Arteaga eta Eneko Celestino (Dawn of the Maya ohia) soinuaren artisauen eskuekin beste maila batera eraman dituzte abestiak, eta, aldi berean, sei kidez osaturiko kuadrilla.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Gutuna
02. Arnastu. Hausnartu. Ausartu.
03. Argiz Iluntzen
04. Ortzadarra
05. Taupadak
06. Aurpegia Biluztu
07. Zelda Ikustezina
08. Hotz-ikaraz

Hurrengo kontzertuak