2025/02/02

Konorte bandak 'Erraietako itzalak' lana kaleratuko du udaberrian

Bizkaiko Konorte hardcore/metal taldeak Erraietako itzalak izenburua jarri dio bigarren diskoari. Udaberrian argitaratzea aurreikusten dute.

Hamar abesti izango ditu lan berriak, eta Bakezaleak da lehendabiziko aurrerapena. Urtzi Rodriguez bateria jotzaile ohiak egindako letren bideoarekin aurkeztu dute.

Kantaren nondik norakoak ere azaldu dituzte: "Ardi larruz mozorrotuta eta bakearen izenean herriak zapaltzen eta sarraskitzen dituzten Estatu inperialisten aurkako oihua da hau. NATO bezalako erakunde terroristen eta zapalkuntza betikotzen duten gobernu eta erakunde burges guztien aurkako oihua. Herri langileen ahotsa ez da inoiz isilaraziko, borrokak aurrera darrai!".

Diskoa Silent Town estudioan grabatu dute, eta Xanpek nahastu eta masterizatu du Koba estudioan. Azala, berriz, Asier Martinez de la Pera artistak egin du.

Konorte banda Durangoko eta Zornotzako bost musikarik osatzen dute: Paul (ahotsa), Alain (gitarra), Iker (gitarra), Jokin (baxua) eta Gaizka (bateria).

Hurrengo kontzertuak