Kudai - VII

Purgatoriotik infernura bidean, ongia eta gaizkiaren arteko oreka apurtzeko munduraturiko zazpi deabruen kontakizunean murgildu gaitu Kudai taldeak VII obra berrian. Lau disko bizkar gainean izanik, urteetako esperientziari zukua atera dio banda donostiarrak bosgarren ekimeneko sormen, ekoizpen eta diseinu alorretan; diskoaren azala eta liburuxkako ilustrazio eleganteak honen erakusle. Euren lanak, tamalez, ez du nahi bezainbesteko oihartzuna izan, baina kanta borobilak eraikitzeko duten talentua eta gaitasuna aski agerikoak dira. 2013ko Harezko Dorreak disko fresko eta inspiratuari segida eman diote obra berrian, erritmo industrial boteretsuak oinarri izan arren, girotze epikoak euren proposamenaren erdigunean jarriz.

Lehen entzunaldian ildo berbera jarraitzen duten kanta paretsuen aurrean egotearen irudipena izan arren, denborarekin hartzailearengana heldu eta gozagarri bihurtzen den diskoa da. Hein handi batean, beste maila batera goratzen dituzten errepika gogoangarriei esker. Ahotsaren lanketa bikaina osatu du beste behin ere David Herasek, indarrez beteriko oihuetatik doinu leun eta malenkoniatsuetara igarotzeko duen abilezia erakutsiz. Belphegor eta Asmodeus ezaugarri hauek biltzen dituzten abesti onak diren arren, taldearen lorpen nagusia pieza indibidualak baino, koherentziaz haritutako bilduma eskaintzea izan da; hasieratik amaieraraino entzun beharrekoa. Azpimarratzekoa da, halaber, Unai Andueza kide berriak baterian eginiko lan sendo eta trebea.

Diskoa plazaratu eta berehala jasandako taldekide aldaketen ondorioz behar bezala aurkeztu ez izanak penatu gintuen, nortasun propioa duen banda izanik, euskal metal eszena aberasten jarraitu dezakeelako. Lanaren kontzeptua zuzenera ikusgarritasun osoz eraman eta gozatzea espero dugu, berandu baino lehen.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak