2025/10/22

Latzen bandak 'Denboraren orbainak' izenburua jarri dio itzulera diskoari

Oñatiko Latzen heavy metal taldeak abenduan kaleratuko du Denboraren orbainak hirugarren diskoa. Aldiz, gaur bertan estreinatu dute ofizialki Memento Mori itzulera abestia. 27 urteren ondoren plazaratzen duten lehena da.

Jarraian ikus dezakezue Jon Goikoetxeak zuzenduriko eta Bideolan ikus-entzunezkoen enpresak egindako bideoklipa:

Gasteizko Silverstar Studios-etan grabatu dute Iker Bengoa soinu teknikariaren gidaritzapean. Laster emango dituzte lan berriaren xehetasun gehiago.

Laukotea berrituta itzuli ziren agertokietara uztailaren 19an, hamazazpi urte luzeren ondoren. Bilboko Zorrotza gaztetxean aritu ziren, Elbereth legazpiarrekin batera. Egun batzuk geroago, uztailaren 25ean, Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian aritu ziren. Disko berria aurkezteko kontzertu bira bat egingo dute, eta, besteak beste, Gasteizko Jimmy Jazz eta Bilboko Santana 27 aretoetan ariko dira. 

Gaur egun, lau musikari hauek osatzen dute taldea: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Yerko Ortiz (gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria).

Latzen 1993. urtean sortu zuten, Oñatin (Gipuzkoa). Bi urte geroago, 1995ean, Heriotzari deika maketa plazaratu zuten, eta hurrengo urteetan iraupen luzeko bi disko: Kontzientzia ala infernua (Oihuka, 1996) eta Ardi larruz (Oihuka, 1998). 1999ko abuztuan banda desegitea adostu zuten, hirugarren diskoa grabatzear zirela. Dena dela, 2007ko urriaren 2an bueltatu ziren, eta Infernuko ateetan azken kontzertu bira iragarri zuten. Hamabost emanaldi eskaini zituzten Euskal Herriko hainbat herritan. Tartean, Eskoriatzakoa grabatu, eta 2008an, Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten. Bigarren itzulera, apirila hasieran jakinarazi zuten, eta uztailaren 19an igo ziren berriz ere taula gainera. Azkenik, abenduan, Denboraren orbainak hirugarren diskoa argitaratuko dute.

Hurrengo kontzertuak