
Oñatiko Latzen heavy metal bandak Kontzientzia ala infernua lehen diskoaren 30. urteurrena behar den moduan ospatzea erabaki du.
Batetik, lana berriz masterizatu eta binilo bikoitzean berrargitaratu dute —Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da, eta taldearen Interneteko dendan erreserbatu daiteke—. Gainera, zuzeneko bost abesti ditu gehigarri moduan.
Bestetik, Elkar estudiora bueltatu dira —Donostiatik Adunara lekualdatu zen duela hiru urte—, 1996an diskoa grabatzeko erabili zuten soinu mahai berarekin bi abesti laurak elkarrekin birgrabatzeko: Bat gehiago eta Laztana. Gaur egun, jotzen dituzten modu berean grabatu nahi izan dituzte.
Gainera, estudioko sesioaren irudiak grabatu eta bideo gisa plazaratuko dituzte. Hain zuzen ere, aipaturiko lehenaren ikus-entzunezkoa sareratu dute, Anje Arlanek zuzendurikoa:
Laukotearen hitzetan, "Elkar estudioetara itzultzea, sustraietara bidaia bat egitea izan da, Latzen taldearen energiarik fidelena harrapatzeko parada gaur egun". Gaineratu dutenez, "disko bereko hamar kantuetatik bi kantu hauen izenburuek, grabazio honen izaera ezin hobeto definitzen duen hitz joko bikoitza ezkutatzen dute: KoNTz30. Aurten 30 urte betetzen dituen disko gorriaren unibertsoarekin lotzen gaituen zilbor hestea da, baina, aldi berean, kontzertu baten dardara zatiezina dakar gogora. Horma artean harrapatutako zuzeneko baten indarra da".

Berrargitalpenari dagokionez, Victor Sanchez arduratu da berriz masterizatzeaz —Elkar estudioko birgrabazioekin batera—. Gehigarria, berriz, bost abestikoa da: Bat gehiago, Aurkitu zaitez, Laztana, Ze ingo xu? eta Metal erasoa. 1998an Lezaman eta Arrigorriagan eskaini zituzten kontzertuetan Haritz Harreguyk kasetean grabaturikoak dira. Gerora, Jean Phocasek masterizatu zituen. Berrargitalpena dagoeneko osorik entzun daiteke plataforma digitaletan.
Gogoratu behar da Latzen taldeak iazko abenduan kaleratu zuela Denboraren orbainak hirugarren diskoa, itzulerakoa. Aitor Uriarte abeslari eta gitarristari egindako elkarrizketa hemen irakur dezakezue.