2025/06/16

Latzen taldea uztailaren 19an itzuliko da taula gainera

Oñatiko Latzen heavy/thrash metal bandaren itzulera uztailaren 19an izango da. Hamazazpi urte luzeren ondoren, laukote berrituaren lehen kontzertua Bilboko Zorrotza gaztetxean izango da, eta Elbereth legazpiarrekin batera ariko dira. Sarrerak salgai daude helbide honetan.

Lakuntzako Hatortxu Rock jaialdi berezian, berriz, uztailaren 25ean joko dute, besteak beste, Su Ta Gar eta Koma taldeekin batera. Aipaturiko bi kontzertuak ez dira eskainiko dituzten bakarrak izango. Izan ere, lan berria grabatzen ari dira eta urtea bukatu baino lehen argitaratuko dute. Beraien ibilbideko hirugarren diskoa izango da.

Aipatu moduan, laukotea berrituta bueltatuko dira taula gainera. Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria) eta Joxemari Azpitarte (baxua) musikariekin batera, beste gitarrista bat ariko da aurrerantzean: Yerko Ortiz (Dirty Shadow ohia) legazpiarra. Iker Martinez de Zuazo gitarristak utzitako lekua hartu du.

Bestalde, nabarmentzekoa da gipuzkoarren itzulerak bat egiten duela Heriotzari deika maketaren 30. urteurrenarekin.

Latzen lau gaztek osatu zuten, 1993. urtean: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Iker Martinez de Zuazori (gitarra). Esan moduan, Heriotzari deika maketa 1995ean plazaratu zuten. Gerora, bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua (Oihuka, 1996) eta Ardi larruz (Oihuka, 1998). Sekulako arrakasta lortu zuten lehenarekin, besteak beste, Laztana baladari esker. Dena dela, 1999ko abuztuan banda desegitea adostu zuten, hirugarren diskoa grabatzear zirela.

2007ko urriaren 2an, Infernuko ateetan azken kontzertu bira iragarri zuten, eta 15 emanaldi eskaini zituzten Euskal Herriko hainbat herritan. Tartean, Eskoriatzakoa grabatu, eta 2008an, Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten. Azkenik, 2025eko uztailaren 19an suspertuko dira.

Hurrengo kontzertuak