MDMA - Chemical Obliteration

Euforia bizia eta sentsazio areagotuak sortzen dituen droga da MDMA. Izen bereko talde bilbotarrak harridura eragitea du helburu brutal death metal erasoaren bitartez, eta onartu beharra dago euren proposamenak ez duela entzule bakar bat ere axolagabe utziko.

Lurrazpiko zirkuituan bada ere, muturreko metalak luzaroan izan du sostengu sendoa Euskal Herrian eta muturreko izaera hori pauso bat harago eramaten saiatu dira oraingoan Asier eta DisJorge, Virulency taldeko kide ere badiren musikariak. Lehenak gitarren ardura bere gain hartu duen bitartean, bigarrenak baxua eta baterien programatzea izan ditu jomuga. Bai, diskoa entzunez gero ohartuko zaretelako abestiok baketaz jotzea ezinezkoa dela. Hain justu, horrek sortzen du taldearen dilema nagusia, merezi al du zuzenean islatu ezineko musika sortzeak? Lizentzia artistiko oro balekoa al da proposamena ahalik eta muturrekoena izan dadin?

Perspektiba kontua da, ordea, azken batean asko baitira estudio proiektuak lantzen dituzten sortzaileak, eta bizkaitarren ekarpena ere testuinguru horretan uler eta onar genezake. Brutal death klasikoa oinarri hartuta, grind eta slam basatienak uztartzen ditu taldeak, eta tempo astunetan oinarrituriko gitarra riff pisutsuek berehala egiten diote bidea askotariko blast beat estiloek gidaturiko pasarte kaotikoei. Bi musikariek partekaturiko ahotsen lanketa ere nabarmentzekoa da, garrasi mota ezberdinak txandakatuz kantuen dinamismoa areagotzea lortu baitu.

Nazioartera jauzia egin eta Ukrainako Reality Fade Records zigiluarekin plazaratu dute iraupen luzeko lehen lana, merkatu-nitxo mugatuan izan arren, mundu zabaleko muturreko proposamenek diskoetxe zehatzetan ere tartea dutenaren erakusle. Kantuok zuzenean aurkeztea litzateke taldearentzat erabateko erronka. Akaso egunen batean topatuko dute hori modu aproposean gauzatu eta muturreko death metalaren zaleak txunditzeko formula.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Reality Fade Records.

Abesti zerrenda:

01. MethylenedioxymethampheMURDER
02. Distilled In Hydrochloric Hatred
03. Thermodynamic Concentration / Blunt Force Reaction
04. Boiling Point Dismutase
05. Crystallized Through Divaricated Disembowelment 
06. Eutectic Nonplanar Oxidizer
07. Chemical Obliteration
08. Asphyxiating Soil (Heinous Killings cover)

Entzun:

Hurrengo kontzertuak