Meliora - Aethereus

Hasiberrien erronka hobera egitea izan ohi da. Zizurkilgo Meliora taldeak izenean darama asmo hori, eta abiapuntu interesgarria da iazko azaroan argitaratu zuten Aethereus estreinako diskoa. Estiloa erabat zehaztu gabe, hard rocka jorratzen dute euskaraz zein ingelesez. Klasikoa eta modernoa gustuko izateak eragin zuzena du lehen laneko abestietan. Horrela, freskotasuna lortu dute egitura sinpleak erabilita.

Laukotea 2018an elkartu zen. Iñaki Mujika (ahotsa eta gitarra), Markel Galarraga (gitarra), Jokin Iraola (baxua) eta Ivan Ropero (bateria) dira musikariak. Mujika asteasuarra baten batek telebistan ikusiko zuen, Goazen 8.0 telesaileko aktoreetako bat delako. Egia esan, saltsa askotan dago sartuta, eta Meliora da horietako bat. Horrek ikusgarritasun pixka bat eman dio bandari.

Esan moduan, gustuko dutenaren isla dira, eta beraiek aitortu dituzte euren eraginak: Su Ta Gar, System of a Down, Scorpions, Ghost, Airbourne eta Motörhead. Ez da arraroa Tobias Forge musikariaren talde ezaguna zerrendan agertzea, eta, baliteke, Meliora izena hartzearen errudunetako bat izatea. Erreferentziak erreferentzia, diskoaren zazpi abestiak eta bi sarrerak askotarikoak dira. Zuzenak eta ez horren zuzenak. Eta euskarazkoek ahoskera naturalagoa dute.

Pello Errotaria izan zen aurkeztu ziguten lehena, gure herriko istorio baten kontakizuna. Dela dela, kanta borobilagoak eta indartsuagoak badituzte. Esaterako, Ardi Beltza, lelo gogoangarriarekin. Metal kutsua mantentzen duen Feel The Heat ere aipagarria da. Aldiz, hard rock estatubatuarraren altzotik ateratakoa da For The Kingdoms Blood. Aipaturiko erronkari eutsiko diote bide propioa egiteko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Corvus
02. Ardi beltza
03. Feel the heat
04. Galdutako hura
05. Eutsi!
06. You
07. Insidiae
08. For the kingdoms blood
09. Pello Errotaria

Hurrengo kontzertuak