2018/04/04

Metal Fabrikaren denboraldiko hirugarren kontzertua

Gernikako Astra gunearen inguruan dabiltzan metalzale batzuk sortu zuten Metal Fabrika egitasmoa. Bigarren denboraldiko hirugarren kontzertua egingo dute apirilaren 14an, Astran bertan. OST, Kraussk! eta Mitosia taldeek parte hartuko dute.

Gustura eta indarberrituta daudela diote antolatzaileek, eta oraingoan ere, formatu bera mantendu dute kontzerturako. Hau da, hiru talde eta DJ baten eskaintza.

Lekeitioko Mitosia thrashcore banda izango da agertokira igotzen lehena. Ibilbide luzea daramate eta azken aldaketekin zuzenekoak eskaintzeko prest daude.

Mutrikuko Kraussk! metal taldea izango da taula gainera igotzen bigarrena. Apirilaren 20an beraien agur kontzertua eskainiko dutela iragarri ondoren, ez da bakarra izango. Bi eskainiko dituzte banandu aurretik.

Bermeoko OST banda beteranoa izango da jotzen azkena. 20 urte bete dituen Hitzak hotsak diskoaren bergrabazioa aurkezteko emanaldia izango da, besteak beste.

Gaua luzatzeko DJ Xarles fenomenoa izango da Astran, metal doinuak jartzeko. 

Tabernan ateratzen duten diruarekin Biztu Irratia sutatuko dute, Interneten 24 orduz emititzen duena. Metal Fabrika egitasmoko kideek irrati horretan egiten dute hilero heavy metal irratsaioa.

Hurrengo kontzertuak