2023/10/24

Metal'O'Ween: "Nabaritzen dugu gero eta jende gehiago hegoaldetik etortzen dela"

Hendaiako Metal'O'Ween jaialdia nabarmen hazi eta aberastu da azken urteotan. Harrera onari esker gertatu da hori, eta aurten bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Urriaren 27tik 29ra bitarte, ostiraletik igandera, egitarau erakargarria antolatu dute Halles Gaztelu aretoan.

Hamabi talde ariko dira zuzenean. Ostiralean, Aephanemer, Bones Of Minerva, Kimule eta Fistule bandek girotuko dute gaua. Larunbatean, berriz, Incursed, Ancient Settlers, Nature Morte, Montagne, Nothing Remains eta La Fin de la Société taldeek joko dute. Eskaintza borobiltzeko, igandean The Great Old Ones eta Infero Lasta banden txanda izango da, eta The Call of Chtulhu filma proiektatuko dute.

Euskal Herriko metal jaialdiei buruzko zortzigarren elkarrizketa laburra Metal'O'Ween jaialdiari eskainitakoa da. Horretarako, Hendaiako Lanetik Egina elkarteko Johann Breton kidearekin hitz egin dugu. Euskalduberria da bera eta asko eskertzen diogu elkarrizketa euskaraz erantzun izana.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Metal'O'Ween jaialdia?

2010ean sortu genuen Bidasoaldeko hainbat partaiderekin batera. Gure asmoa zen Iparralde, Hegoalde eta Biarnoko taldeak gonbidatzea metala hemengo publikoarekin ospatzeko. Egia erran, oso gustura geratu ginen lehen edizioarekin eta garbi genuen jarraituko genuela.

Jaialdiaren atzean Hendaiako Lanetik Egina elkartea dago, ezta?

Bai, noski! Lanetik Egina 1995ean sortu zen musika elkartea da. Denontzako musika eskola dugu, hiru gela ditugu taldeek entseguak egin ditzaten, grabaketak egiteko estudioa ere badago eta kontzertuak antolatzen ditugu, jakina.

Zenbat lagun zaudete elkartean jaialdi honi lotuta?

Erranen nuke hogei lagun garela urte osoan elkarteari bizitza ematen diogunak. Gero asteburuan laguntza ematera hurbiltzen direnak gehiago dira eta lan ederra egiten dugu elkarrekin. 50 bat izango gara asteburu honetan. Txalo handi bat laguntzera animatzen direnei, zuei gabe ez litzateke posible izanen!

Zein da jaialdiaren helburua?

Jendeak gurekin oso ondo pasatzea datorren urtean jarraitzeko aukera izan dezagun.

Orain arte, zenbat aldiz antolatu duzue jaialdia?

Aurten 11. edizioa dugu, ez da gutxi eh!? Giro eta talde zoragarriak izan ditugu orain arte, eta horrela jarraituko dugu.

Zer nolako harrera izan du jaialdiak urte hauetan guztietan?

Oso ona izan du. Egitarauari gehitu diogun metal merkatuak arrakasta izan du, aurten animazio ederrak ere jarri ditugu. Gainera, talde handixeagoak kontratatzen ditugu eta publikoari gustatzen zaio, tokian tokiko taldeak ahaztu gabe, noski. Nabaritzen dugu gero eta jende gehiago hegoaldetik etortzen dela, beraz hori ere keinu ona da.

Epe ertain eta motzera, zein asmo dituzue jaialdiarekin?

Azken urteotan aldatu da festibala, gau batetik bitara, eta bi gautatik hirutara pasatu gara. Beraz ikusi behar dugu eredu ona den. Benetan espero dugu jende asko gozatzera etortzea!

Hurrengo kontzertuak