2024/04/15

Mutilated Soul taldeak 'Masakrea' maketa berreskuratu du

Elgoibarko Mutilated Soul death metal banda taula gainera igoko da 25 urteren ondoren. Elgoibarko Musikarien Elkartearen (EME) egunean ariko dira, apirilaren 20an, Elgoibarko Maalako parkean.

1997. urte inguruan sortu zuten taldea Fundizioko lokaletan, eta hainbat kontzertu eman zituzten 1997 eta 1998 urteen artean. Aldiz, 1999ko urtarrilean Masakrea maketa grabatu zuten Bilboko Mr. Jam estudioetan. Bost musikari hauek parte hartu zuten grabazioa: Joseba Azkue (ahotsa), Joseba Eugi (bateria), Iker Diego (gitarra eta koroak), Patxi Zabaleta (gitarra eta koroak) eta Urko Rosario (baxua). Lan hura argitaratu aurretik banandu ziren.

Hain zuzen ere, maketa berreskuratu eta entzungai jarri dute sarean:

25. urteurrenaren harira, berriz elkartzea erabaki zuten eta hainbat entsegu eginda ariko dira zuzenean. Rosarioren ordez, Iosu Garcia ariko da baxu jotzaile lanetan. Maketako zazpi abestiak eta beste bat eskaintzeko asmoa dute.

Musikagintzan eta metalgintzari lotuta jarraitu dute Mutilated Soul bandako hainbat kidek. Azkuek bat egin zuen Legen Beltza taldearekin, eta Txatar hirukoan ere badabil. Zabaleta eta Diego, berriz, Fractality taldean aritu ziren.

Hurrengo kontzertuak