
Arrasateko Numen black metal taldeak ekainaren 12an argitaratuko du Erre bosgarren diskoa, hau ere, Frantziako Les Acteurs de l'Ombre diskoetxearekin.
Bost abesti izango ditu lanak, eta grabazioa pausoz pauso egin dute. Bateria eta baxua iazko uztailean grabatu zituzten Frantziako B-Blast Records estudioetan eta Arrasateko Hamarratz musikagunean, hurrenez hurren. Oporren bueltan grabatu zituzten gitarrak eta teklatuak Basoa Studios-etan. Ondoren, Hamarratz musikagunera itzuli ziren ahotsa grabatzera. Azkenik, Javi Felezek nahastu eta masterizatu zuen Bartzelonako Moontower Studios-etan.
Azala, berriz, Raoul (View From The Coffin) artistak egin du, eta kantu zerrendarekin batera ikus dezakezue:

01. Kez beteriko zeru penatua
02. Negu itxian urtarril hotza
03. Errautsen azken arnasa
04. Hustasuna - Oroitzapen galduen putzua
05. Euria infernuko sutan
Boskoteak 2019an kaleratu zuten Iluntasuna besarkatu nuen betiko laugarren diskoa, eta orain arteko azkena. Jarraian duzue entzungai:
Numen banda egun musikari hauek osatzen dute: Aritz (ahotsa), Jabo (gitarra), Lander (baxua eta alboka), Eöl (teklatua eta ahotsak) eta Sistre (bateria) —zuzenekoetarako kidea da—.