2020/12/01

"Orain jarri gara aro berri bati begira"

Ez dira hasiberriak, baina denbora pasa da lehen riffa konposatu zutenetik. Arrasateko Lined taldeak garai ezegonkor bat gainditu du Soulcrifice (Art Gates Records) bigarren diskoarekin. Laukotea boskote bihurtu, bi gitarrekin proposamena aberastu, eta aipaturiko denbora berreskuratzeko prest daude. Ekainean argitaratu zuten lana, pandemiaren egoeraz jakitun zirela. Urte arraro honi aurre egitea erabaki dute, eta dagoeneko etorkizunari begira jarri dira. Andoni Barquero gitarra jotzailearekin hitz egin dugu.

Urte asko pasa dira 2009an lehen diskoa argitaratu zenutenetik. Zergatik horrenbeste denbora?

Azken kontzertua 2012. urte inguruan izan zen. Orduan baxu jotzailerik gabe geratu ginen, eta handik gutxira Ruben bateriak taldea uztea erabaki zuen. Imanol gitarra, Oxel abeslari ohia eta hiruok geratu ginen. Urteak pasatu ahala taldekideak probatzen eta abestiak sortzen jarraitu genuen, baina ez genuen banda egonkortzeko aukerarik izan. Duela lau urte inguru Rubenek itzultzea erabaki zuen, eta ateak oso pozik zabaldu genizkion. Proiektua berriz abian jarri genuen, eta oso garrantzitsua izan zen bera bueltatzea.

Askotariko aldaketak izan dituzue, beraz, azken urte hauetan. Kideei dagokienez, noiz egonkortu zenuten gaur egungo boskotea?

Duela urtebete luze izan zen hori. Izandako esperientziak ikusita pentsatu genuen hobe zela proiektua aurreratzen joatea taldekideak bilatu aurretik. Proposamen serio bat aurkeztu nahi genien musikari berriei, konpromiso maila handiagoa lortzeko.

Aitor Atxa (Broken Legacy) abeslariak eta Iker Hervas (Usuales) baxuak bat egin zuten zuekin. Bereziki, abeslaria topatzea asko kostatu zitzaizuen, ezta?

Ez da erraza musikari konprometituak topatzea. Bagenekien Aitor aproposa zela eta gustuko genuen bere ahotsa. Rubenek egin zion proposamena. Jatorra eta langilea da, eta ahots indartsua dauka. Oso pozik gaude berarekin.

Beste aldaketa bat da hizkuntzarena. Gaztelaniaz abestetik ingelesera pasa zarete. Nolatan?

Gure ustez fonetikoki ingelesa egokiago da. Euskararekin gertatzen den moduan hitza gozoagoa dira ahoskatzerakoan. Aitor eta biok ingelesez ondo dakigu, eta bide horretatik jarraitzea erabaki genuen.

Aro berri baten hasiera da zuentzat Soulcrifice diskoa?

Baliteke. Trantsizio arraro baten antzekoa delako agian, izan ditugun gorabeherak kontuan hartuta. Garai bateko abestiak daude, baina baita berriak ere. Bi garaien arteko fusio antzeko bat dela esango nuke. Orain jarri gara aro berri bati begira.

Hilabete batzuk pasa dira argitaratu zenutenetik. Zer nolako harrera izan du?

Orokorrean kritika onak jaso ditu, baita atzerrian ere. Ilusioa egiten du kanpoan zure musika entzun eta gustuko dutela jakiteak.

Bigarren diskoak islatzen du jorratu nahi duzuen proposamena?

Hau da sortu duguna. Eboluzio bat antzematea espero dugu, abestiak landuagoak direlako. Taldean bi gitarra egoteak aukera gehiago ematen dizkigu sortzeko orduan. Alde horretatik abestiak aberatsagoak dira lehen diskoarekin alderatuta.

Death melodikoa eta thrash metala uztartzen dituzue. The Haunted ez ezik, zein beste talde nabarmenduko zenituzkete?

Talde asko, egia esan. Garai bateko In Flames, Machine Head, Gojira, Dark Tranquillity eta Lamb of God, besteak beste.

Herriko Burdinan argitaratutako disko iruzkinean ausartu ginen esatera Darkness By Oath taldeak utzitako hutsunea bete dezakezuela. Zer iruditzen zaizue?

Asko esatea da hori. Talde baten hutsunea ezin da bete gure ustez, eta kasu honetan Darkness By Oathen lekua betetzea are gutxiago. Erreferente batzuk dira guretzat. Azken finean, talde bakoitzak entzuleekin duen konexioa oso desberdina da. Aupa Darkness!

Hain zuzen ere, talde horretako Tristan Iñiguezekin grabatu duzue diskoa. Nolakoa izan zen esperientzia?

Auryn Studios-etan grabatu genuen, bai. Esperientzia bikaina izan zen, jakinduria askoko pertsona delako. Asko bizi izan du bere taldeekin kontzertuak emanez, eta duen esperientziak atzetik gatozenei asko laguntzen digu. Grabazioan aholku asko eman zizkigun, eta horrelako pertsona bat alboan izateak gauzak asko errazten ditu. Gustura gaude lorturiko soinu indartsuarekin.

Diskoa zuzenean aurkezteko aukerarik izan duzue?

Oraindik ez. Pandemia hasi zenetik momenturik onena bilatzen ibili gara, baina dirudienez gaitza luzerako doa. Beraz, neurri baldintzatuekin egitea pentsatzen ari gara. Datorren urte hasieran saiatuko gara kontzerturen bat ematen. Taula gainera igotzeko gogotsu gaude.

Bizi dugun osasun krisi egoerak zenbatean baldintzatu du taldearen egoera eta erritmoa?

Asko. Entseguak egitea debekatuta dago, lan errutinak aldatu dizkigu, batzuk baita lana galdu ere... Dena dela, kantu berriak lantzeko etxetik ere egin daiteke. Teknologiari esker mila erreminta dauzkagu.

Pandemia garaian diskoa kaleratu duten zenbait taldek konposatzen jarraitzea erabaki dute. Zuek ere hasi zarete kantu berriak prestatzen?

Bai, konposatzen jarraitzen dugu, eta hurrengo diskoa lantzen hasi gara. Berriz ere abian jarrita ez dago gelditu gaituen egoerarik, ezta pandemiarik ere. Gogotsu gaude eta ilusioz gainezka.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak