2024/02/14

Orion Child bandak 'When The Tide Arises' singlea aurreratu du

Durangoko Orion Child power metal taldeak Aesthesis (Art Gates Records) laugarren diskoa kaleratuko du maiatzaren 17an. Aurreneko xehetasunak aurkeztu ondoren, When the Tide Arises singlea estreinatu dute bideoklip batekin. Recrum Media eta Dando al Rec dira egileak.

Aldiz, azala Victor Villamarin artistak egin du taldearekin elkarlanean. Kanta zerrendarekin batera ikus dezakezue:

01. Revel{AI}tions
02. Skhuldom
03. Aesthesis
04. When the Tide Arises
05. My Redemption
06. Reaching for the Stars
07. Numbers are Law
08. Forever
09. Runaway
10. Prisoners of the Past

Seikoteak azalaren kontzeptua azaldu du: "Más allá del Continuo - Revelación liburuaren deskribapenetatik ateratako ilustrazio multzo bat da, eta disko berri honekin argitaratuko dugu (gaztelaniaz bakarrik). Aurreko diskoarekin argitaratu genuen zientzia fikziozko eleberriaren jarraipena da. Beraz, azala, atzeko azala eta digipakaren barrualdea Adimen Artifizial baten bi interpretazio artistiko dira, liburuan bilbea osatzen duten fakzioetako batek erabilitako tresna gisa deskribatuak. Liburuxkako gainerako artelanak liburuan deskribatutako lekuak eta uneak dira".

Lan berria Cursed Onion Studios-etan eta Chromaticity Studios-etan grabatu dute, eta Pedro J. Monge arduratu da ekoizpenaz, nahasketaz eta masterizazioaz.

Estudioko laugarren diskoaren harira, bizkaitarrek diote "itxaropentsuagoa" dela: "Uste dugu disko honekin soinu oldarkorragoa eta sendoagoa lortu dugula, baina askoz melodikoagoa aldi berean".

Hurrengo kontzertuak