2017/02/15

OST bandari elkarrizketa

Ahaztuak ez dira, baina beste batzuen aldean oihartzun txikiagoa izan du Bermeoko OST taldeak. 90eko hamarkadaren erdialdean metalaren joera berriak euskaraz lantzea erabaki zuten, eta horretan aitzindarietakoak izan ziren. Barealdi luze baten ostean, 2007an itzuli ziren kantu berriekin. Ordutik, erritmo aldakorra izan dute, disko eta zuzenekoen aldetik. Hitzak-hotsak lehen diskoak 20 urte bete dituela eta, Hitz bardinak-Hots barriak lan laburra aurkeztu dute.

Gogoan duzue lehen diskoa atera zenuten garaia?

Guretzako garai oso berezia izan zen. Gure lehendabiziko lan diskografikoa kalean ikustea eta agertokietan aurkeztu ahal izatea amets bat egia bihurtzea izan zen. Benetan harro sentitu ginen. Egia esan, Lorentzo Records estudioan sartu ginenean, emaitza ez genekien zein izango zen. Ez genuen kontraturik lotuta diskoetxe batekin. Ez genekien diskoa edo maketa bezala aterako genuen. Nahasketak nahiko aurreratuta zeudela, diskoetxeekin harremanetan jarri ginen, eta estudioko arduradunari esker diskoa kalean zegoen hiru hilabetera.

Estreinako diskoak bereziak izaten dira. Zuentzat ere horrela izan zen?

Bai. Urte askotan eta ilusioz beterik egindako lanaren emaitza zen, eta gainera, kritikak oso onak izan ziren. Elkarrizketak irratietan, prentsan… dena nahiko berria eta hunkigarria izan zen guretzat.

OST izatera pasa aurretik Bidxorrak izan zineten. Zergatik aldatu zenuten izena?

Bi izan ziren arrazoi nagusiak. Batetik, kantuetan estiloaren aldaketa nabaria izan genuen. Bestetik, Bidxorrak berba oso ezezaguna zen. Bermeon bakarrik erabiltzen da eta “bihurriak” hitzaren sinonimoa dela esan daiteke. Horregatik, aldatzea erabaki genuen.

Bide batez, zer adierazi nahi du OST izenak?

Ost euskal jainko bat da, euskal mitologiakoa. Urtz leku batzuetan —kasualitatez gure garaiko beste talde ezagun baten izena—), eta Ost besteetan. Ortzi baita ere, baina jainko bera, zerua edo zeruko fenomenoak irudikatzen zuena antza. Erromako Jupiter edo Greziako Zeus jainkoekin alderatzen dute. Jainko indartsu eta boteretsua da, eta horrela ikusten genuen gure musika. Laburra eta onomatopeia izanda, izen egokia zela pentsatu genuen. Egia esan, ez dago maiuskulaz idazteko arrazoirik. Idazkera zuzena Ost da, eta ez OST. Galderak maketan minuskuletan agertu zen, baina jendea “O-ese-te” hasi zen esaten, eta guri grazia egin zigun. Hori dela eta, diskorako logotipo berrian hitza maiuskuletan agertzen da, eta gainera letra bakoitzari zulo bat sartu genion, nahaste handiagoa sortuz. Laugarren diskorako puntuak desagertu ziren, baina maiuskulak mantentzea erabaki genuen.

90eko hamarkadaren erdian Bermeoko lau lagunek proposamen sendoa agertu zenuten. Zer nolako harrera izan zuen garai hartan zuen musikak?

Agian entzule orokorrentzat proposamen nahiko arraroa edo ezezaguna zen. Hasteko, euskaraz egitean, euskalduna zen entzule hipotetikoa, eta egia esan ez zegoen entzule “metalero” askorik, edo zegoena nahiko klasikoa zen. Gure metalak talde amerikarren eragina zuen, eta hemengo metala europarragoa zen, duda barik. Kritika onak izan ditugu beti, baina gogorregiak ginen euskal entzule orokorrarentzat, eta Espainian edo Frantzian muturra sartzeko euskaraz egitea oztopoa zen.

Garai berean, Pi.L.T. edo Koma taldeek lehen diskoak plazaratu zituzten. Metal berrituaren belaunaldi baten parte izan zineten?

Guk horrela ikusten dugu eta horrela sentitzen gara. Gure ustez, Euskal Herriko talde hoberenetariko bi dira Pi.L.T. eta Koma. Asko miresten ditugu. Oso harro sentitzen gara bi banda horiekin lotzen gaituztenean, gure ustez benetan talde handiak direlako.

Hitzak-hotsak diskoaren 20. urteurrena ospatzeko Hitz bardinak-Hots barriak lan laburra argitaratu duzue. Lehen laneko lau abesti hartu eta berritu dituzue. Zer dela eta?

Bueno, harrokerian jauzi barik baina apaltasun faltsurik gabe, gauza bat argi dago: ez dago jardunean talde askorik bere lehen diskoak hogei urte bete dituenik. Dudarik ez dago hori harrotasun handia izango litzatekeela edozeinentzat. Beraz, zerbait berezia egiteko gogoz geunden. Lehen proposamena disko osoa berriz grabatzea zen, goitik behera, baina ekonomikoki ez zen posible. Beraz, EP bat egitea erabaki genuen.

Zergatik lau abesti horiek?

Gure ustez, disko originalaren esentzia hobeto irudikatzen duten abestiak dira. Erraz aukeratu genituen, baina gehiago sartzeko gogoarekin geratu gara.

Ez zarete lehen banda iraganeko disko edo kantu batzuk berriz grabatzen dituena. Ezta azkena izango ere. Zergatik sortu da zuen ustez joera hori?

Ez dakigu. Disko bat amaitzen denean, badaude gauza batzuk bigarren aukera izanda beste era batera egingo genituzkeenak. Gure asmoa abesti hauek bizirik daudela erakustea izan da, gaur egungoak ere badirela. Ziurrenik talde asko egongo dira antzeko sentsazioa dutenak.

Non grabatu duzue horren soinu sendoa lortzeko?

Gure azken lau diskoak, azkena barne, Bilboko Koba estudioan grabatu eta nahastu ditugu Xanpe soinu teknikariarekin.

 

 

Hitz bardinak-Hots barriak lana plataforma digitaletan eskura jarri duzue. Edizio fisikorik egongo da?

Bai, eta formatu oso berezia izango du. Sekretu guztiak ez ditugu hemen argituko, baina ahal dugu esan ez dela izango CD formatuan. Gainera, ez da audioa bakarrik izango. Dena ondo badoa laster aurkeztuko dugu.

Lau abestiko lanaz aparte, kamiseta batzuk ere atera dituzue. Taldeari bultzada emateko?

Gaur egun, eta are gehiago gure mailan, merchandising apur bat saltzen ez duen taldeak ezin du proiektua aurrera eraman. Orain dela egun batzuk esaldi gogor bat irakurri genuen. Gutxi gorabehera horrela zioen: “gaur egun musika taldeak kamiseta saltzaile hutsak bihurtu dira”. Zoritxarrez egia da, tristea, baina erreala.

Zuzeneko bira berezia prestatu duzue lehen diskoaren 20. urteurrena ospatzeko?

Ez da posible izango kontzertu asko ematea. Familia, lana eta bestelakoak ditugu. Gainera, pasa den urtetik, Kapi gure abeslari eta gitarra Porco Bravo taldearekin ari da zuzenekoak ematen, eta horrek aukera gutxi uzten dizkigu. Eskainiko ditugun kontzertuak ez dira asko izango, baina bai oso bereziak.

2011koa da Bost diskoa. Abesti zaharrak berriz grabatzeaz gain, asmorik duzue lan luze bat ateratzeko?

Asmorik bada. Hain zuzen ere, kantu berriak konposatzen ari gara, eta 2017an kontzertuak eskaintzearekin batera, beste disko bat osatzeko abestiak egingo ditugu. Beste kontu bat da noiz atera ahal izango dugu. Aurrekontua izango da agintzen duena.

2017an Kakatza abestia zeinei eskainiko zeniokete?

Lehenago aipatu bezala, gure kantuen gaurkotasunean sinesten dugu, eta letrak ez doaz aparte. Kakatza abestia, besteak bezala, gure burutazio eta hausnarketen emaitza da. Kasu honetan ez doa bereziki norbaiti zuzendua. Gure asmoa da entzule bakoitzak bere kakatza partikularra izatea, eta horrek berdin du 20 urte pasa arren. Gaur egun nori eskaini nahi diogun laburtzeko esaldi bat dugu: XXI. mendean aspalditik eta oraindik Leku berberan jarraitzen duten agintariak, Beldurra erabiliz euren interesen aldeko guda egiten dutenak, Hipokrisia-ren maisuak une oro herriaren izena ahoan darabiltenak, horientzako, Kakatza.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak