
Bilboko Quaoar boskotea martxoan suspertu zen, hamar urte luzeren ondoren. Irailean, berriz, haien ibilbideko laugarren diskoaren izenburua iragarri zuten: Five Friends Floating.
Sei abesti izango ditu, eta isilunea In My Head kantaren estreinaldiarekin eten dute, jarraian entzun dezakezuena.
Zortzi minutu luzeko piezan agerian utzi dute rocka oinarri gisa hartuta, progresiboa, metal alternatiboa, hard rock klasikoa, eta stonerra zein grunge doinuak uztartzeko gaitasun berezia dutela.
Lan berria Beard Studios eta Tio Pete estudioetan grabatu dute Borja Muro, Javier Peña eta Jose Lastra soinu teknikariekin. Muro ekoizpenaz ere arduratu da.
Azala, berriz, Pasquale Mattia Gelorini artistarena da, eta segidan topatuko duzue abesti zerrendarekin batera.

01. Dreamers, dreaming
02. In my head
03. Irrelevance
04. Oblivion
05. Five friends floating
06. As above, so below (New house pt. 1)
Taula gainera 2026ko otsailaren 21ean itzuliko dira, Bilborock aretoan, bost musikari hauekin: Iñigo Lopez (ahotsa), Josu Palacios (gitarra), Hugo Landaluze (gitarra), Aitor Zorriketa (baxua) eta Bjorn Mendizabal (bateria).