2024/02/12

Shallow Waters taldeak 'Blown By The Winds' pausatua estreinatu du

Gipuzkoako Shallow Waters post black metal bandak martxoaren 1ean argitaratuko du All Colours Blur To One (Meuse Music Records) bigarren diskoa. Boskote gisa egonkortu osteko lehen emaitza da.

Blown By The Winds bigarren singlea aurkeztu berri dute letren bideo batekin. Berezia eta pausatua da, batez ere, Joan Esmel (Evadne) eta Beatrizze musikariek parte hartzen dutelako. Esmelek berak idatzi du letra.

Aurrez, beste kanta bat aurreratu zuten, lan berriaren izenburu bera duena. David Zabalak eta Mario Lezaunek zuzenduriko bideoklipa jarraian ikus dezakezue.

Lan berriak hamar abesti izango ditu, eta azala Luis Louzaok (9th. Circle Design) egin du.

01. Bearer Of Bitter Sorrow
02. Cyclops
03. A Devious Walk
04. Retrofuturistic Circle
05. Everlasting Shadows
06. All Colours Blur To One
07. Whisper Of A Dying Soul
08. 11 Stairs To Despair (feat. Andrés Pestana)
09. Golden Cage
10. Blown By The Winds (feat. Joan Esmel & Beatrizze)

Taldeak eta diskoetxeak honela aurkeztu dute lan berria: "Espontaneotasunez beteriko diskoa da, berehalako inpaktuaz, black metal arpegiodunaren arnas-abiaduraz eta esentzia malenkoniatsuaren gainean musu ilunez egindako harmoniez betea. Gizakien axolagabekeriak zigortutako arimen etsipena, bakardadea eta sufrimendua kontatzen duten abestiak".

Bergarako Auryn Studios-etan grabatu dute Tristán Iñiguez (Evadne, Darkness By Oah ohia) gitarra jotzailearen eta gidariaren gidaritzapean. Iñiguezek abiaturiko proiektua boskotea da gaur egun, eta musikari hauek ditu alboan: Pablo Egido abeslaria (The Holeum, Ikarie), Rober Garcia bateria (Hex, Denial ohia), Andoni Barkero gitarrista (Lined) eta Manex Akerburu baxu jotzailea (Hex, Denial ohia).

Hurrengo kontzertuak