Song of Anhubis - Reversed Reflection

Mugarik gabekoa da proiektatu duten islada. Nazioartera iritsi dira, azken orduko babesari esker. Song of Anhubis bizkaitarrek Reversed Reflection bigarren diskoa argitaratu dute Italiako Rockshots Records zigiluarekin. Aukera behar bezala aprobetxatu dute. Izan ere, Mungiako banda zazpi kantuko lana digitalki hedatzen hasi zen, eskaintza italiarra jaso zuten arte. Ondorioz, beste hiru abesti grabatu zituzten diskoa borobiltzeko.

Pauso bat eman orduko oztopo batekin talka egin dute. Duela zortzi urte abiatu zuten abentura Rei Reych eta Polvareda Johnson musikariek. Waldheim, All Reasons eta Pog Mo Thon gisako taldeetan izandako esperientzia bizkar gainean hartuta, rock/metal gotikoa lantzeari ekin zioten. Askotariko atzerapenen erruz, 2017an aurkeztu zuten Revenge as Redemption estreinako diskoa. Prozesu amaigabe eta nekaezinarengatik, ziurrenik, ez zioten behar besteko hedapena eman.

Pandemia garaian irauli dute egoera, eta indartsu doaz aurrera. Sortzen jarraitzearekin batera, proposamenari elementu garrantzitsu bat gehitu diote: elektronika. Konposatu dituzten kantu berriek beste freskotasun bat dute, eta erakargarriagoa da Reversed Reflection diskoak gordetzen duena. Elektronikaren erabilerarekin aberastu eta beste maila batera iritsi dira.

Ez da soilik metal gotikoa (Persephone's Call, Progressive Spiral eta gaztelaniazko Hypersomnia). Ez da soilik emakume baten ahotsak gidatzen duen metal sinfonikoa (Misantropía eta Teratos). Dark wave (Suicide Nation aparta) eta nu metal (Vestiges of a Life) doinuek ere badute bere momentua. Entretenigarria bezain erakargarria da bizkaitarrek lorturiko emaitza.

Hamar abestiek osotasun bat irudikatzen dute, bi estudio desberdinetan grabatu badituzte ere. Lehen zazpiak Taom estudioetan, Mario Martin eta Jagoba Ormaetxearen gidaritzapean. Azken hiruak, berriz, Chromaticity Studios-etan, Pedro J. Monge lanpetuarekin. Lan osoaren masterizazioa ere berak egin du. Bitxikeria horrekin batera, azpimarratzekoa da Paco Plazasek diseinaturiko azal esanguratsua. Nazioartean lekua egin badiete, aintzat hartu beharrekoa da.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Rockshots Records.

Abesti zerrenda:

01. Lonely Echoes
02. Misantropía
03. Persephone's Call
04. Suicide Nation
05. Vestiges of a Life
06. Hypersomnia
07. Progressive Spiral
08. Teratos
09. Lethal Lens
10. My Own Enemy

Hurrengo kontzertuak