Withredd - For you, for I, for nothing

Norentzako da musika? Norentzako musika da? Hitzen ordenak aldatu ohi du esanahia. Kasu honetan, baita hartzailea ere. Withredd bizkaitarren For you, for I, for nothing lehen diskoaren izenburua nahiko jostalaria da. Era bihurrian interpretatuko bagenu, lana norabide jakinik ezarri gabe askatu dutela esan genezake. Entzungai jarri dute, entzulerik izatekotan.

Artea eta irudia bezainbeste zaintzen ditu konposizioak Danel Garay artistak. Bera da gidaria, sortzailea, kantaria, gitarrista eta ikus-entzunezkoen egilea. Alboan du Ander Pena bateria jotzailea, eta biek osatzen dute taldearen oinarria. Orain gutxi arte, Aitor Gabantxo (baxua) eta Sergio Godoy (gitarra eta saxoa) izan dituzte bidelagun, eta haiekin osatu dute diskoa.

Harribitxiz beterikoa izanik, ezin da oharkabean geratu. Ordea, sentsazio hori sortzen du bandak, aparteko ikusgarritasunik eman gabe plazaratu dutelako zortzi piezako lan benetan interesgarria. Metal alternatibo eta progresiboaren orekariak izaten jarraitzen dute, ñabardura asko txertatuz kanta bakoitzari. Sormen landua eta zaindua izanik, hedapena maila berekoa behar luke.

Plataforma digitaletako abestien orden okerrari iskin eginez, lehen biak dira bideoklip ederrekin aspaldi aurreratu zituztenak: Split eta Even. Baita ere, Why you shouted at me pieza onena. Agerian uzten dute Withredd berez dena, egiturekin, distortsioekin, sintetizadoreekin, giroekin... Beste hiruk ere aipamena merezi dute. Batetik, The phonecall ezustekoak eta Lowdive emozionalak, saxoaren konpainiarengatik. Bestetik, diskoa bera izendatzen eta ixten duena.

Freskotasuna bilatzen duen horrentzako diskoa da, eta bestela, ez da inorentzat izango.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Abesti zerrenda:

01. Split
02. Even
03. The phonecall
04. I daze I daze I daze
05. Lowdive
06. We are white noise
07. Why you shouted me
08. For you, for I, for nothing

Hurrengo kontzertuak