2024/03/15

Zuldar bandak azken harresia gainditu du

Sopelako Zuldar melodic death metal taldeak bostekoa eman dio aro berriari. Hain zuzen ere, Beyond the Last Wall bosgarren singlea plazaratu dute.

Iazko azarotik hona, pixkanaka eta aleka, hainbat abesti berri aurkeztu dituzte. Gainerako lauak jarraian entzun ditzakezue:

Zuldar - My Soul Trembled

Zuldar - Awakening

Zuldar - Descent Into The Core

Zuldar - Alpha & Omega

Zuldar taldea 1996an sortu zen, eta bost gaztek eraman zuten aurrera: Urtzi Barceló Tanke gitarrista, Ugaitz Aguilar Mono gitarrista, Egoitz Gorbea Txibu bateria, Alain Gutierrez Dalay Tarda abeslaria eta Egoitz Urrutia Brutus baxu jotzailea. Ibilbide laburra izan zuten lehen etapa horretan. 2003an Zabalandi izeneko estreinako diskoa argitaratu zuten, eta 2004an lau abestiko lan labur bat sareratu zuten beraien MySpace atarian. Ordea, 2004. urtean bertan banandu ziren.

Gerora, Dalay Tardak Rise To Fall taldearekin bat egin zuen gaur egun arte, eta denbora batez Bioterror bandan aritu zen Monorekin batera. Tankek, berriz, Arduis bakarkako bidea abiatu zuen.

Bi hamarkada beranduago, 2023ko azaroan iragarri zuten itzulera. Gaur egun, abesti berriak plazaratzen ari dira, ziurrenik, iraupen luzeko bigarren disko batean bilduko dituztenak.

Hurrengo kontzertuak