
Zarauzko Anestesia thrashcore taldearen Erantzun bigarren diskoak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, 180 gramoko biniloan berrargitaratu dute, berriz masterizatuta eta diseinua berrituta. Harturiko erabakiaren azalpena eman dute, sare sozialetan:
"Garai hartan binilo formatoa indarra galtzen ari zen, CDa indartsu sartu zelako merkatuan eta protagonismoa hartu zuelako. Formatu berri hartan biniloan baino denbora gehiago sartu zitekeen, eta talde askok abesti gehigarriak sartzen zituzten CDan, erakargarriagoak egiteko. Erantzun izan zen garai hartan Esan Ozenkik kaleratu zuen azken biniloetako bat, Anestesiaren jarraitzaileek oraindik eskatzen zituztelako. Eta guri, CDan jendeak abesti gehigarri haiek sartzen zituztela ikusita, kontrakoa egitea burutatu zitzaigun, biniloan bi abesti gehiago sartuz".
Berrargitalpenean ere, bi bonus track horiek mantendu dituzte: Bizitza datatu nuen eta Los Crudos estatubatuarren Cipayos traidores y vendidos abestiaren moldaketa.
Disko hau "berezia" dela aitortu dute gipuzkoarrek: "Nolabait gure estilo propioa lantzen aurrerapauso handia eman genuelako, eragin ezberdinak nahastuz gure era pertsonalean. Kontraesanak, Erantzun, Hilobia lantzen, Bi aukera edo Lur azpiko ahotsak bezalako kantuetan ikusi daitekeen moduan".
Biniloa helbide honetan eskuratu daiteke.