2022/02/17

Anestesia taldeak "Fenix" abesti berria estreinatu du

Zarauzko Anestesia thrashcore bandak otsailaren 26an abiatuko du Fenix Tour bira, ondo bidean. 2020an iragarri zuten, eta bi bider atzeratu behar izan dute pandemiak ekarritako murrizketengatik.

Laukoteak itxaronaldia aprobetxatu eta Fenix izeneko kantua sortu du. Beraientzat mezu oso berezia duen abestia dela adierazi du Mikel Kazalis gitarristak. Fidelenea estudioan grabatu zuten, eta Hodei Esteban Pertusak egindako bideokliparekin estreinatu dute.

Esan bezala, otsailaren 26an itzuliko dira agertokietara. Atarrabiako Totem aretoan izango da, eta Smog nafarrekin batera ariko dira. Martxoaren 26an, berriz, Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegian joko dute Soziedad Alkoholika, Angelus Apatrida eta Proud'z taldeekin. Apirilaren 2an, Ondarroako Beikozini aretoan ariko dira Üther bandarekin. Maiatzaren 14an, Miarritzeko Atabalen izango dira Yarotz taldearekin, eta maiatzaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian Lotura bandarekin.

Hurrengo kontzertuak