2025/11/25

Anker bandak kide berriaren fitxaketa baieztatu du

Legazpiko Anker metal taldeak laukotea ofizialki berrosatu du. Aimar Ibarzabal gitarra jotzailearen fitxaketa baieztatu dute. Orain arte, ezkutuko kidea izan da, berarekin grabatu dituztelako bi diskoak, eta bera arduratu da taldearen bideoklipak egiteaz, Ilun Produkzioak ekoiztetxearekin.

Gainera, dagoeneko kontzertu batzuk eman dituzte Ibarzabalekin, eta, orain, taldeko kide bat gehiago da. Horiek horrela, Anker lau musikari hauek osatzen dute: Joanes Legarda-Ereño (ahotsa eta gitarra), Aimar Ibarzabal (gitarra), Eneko Altzelai (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria). Modu horretan, Altzelaik gitarra utzi eta baxua hartu du.

Ibarzabal fitxaketa berriak bidea egina du musikagintzan. Gaur egun, Diabulus In Musica bandako kidea ere bada, eta Itinerum taldearekin kontzertuak ematen ari da. Aurretik, Taupada eta Gabezia bandetan ibili zen, besteak beste.

Iazko urte bukeran, Garai baten amaiera iragarri zuten, eta izen bereko zuzeneko ikus-entzunezkoa sareratu zuten. 2024ko azaroaren 9an, Oñatin eskainitako kontzertua jasotzen du. Unax Anza baxu jotzaile ohiaren azken emanaldia izan zen.

Laukotea hirugarren diskoa lantzen ari da, eta xehetasunak aurrerago emango dituzte. Gizagaitza estreinako lana 2021ean argitaratu zuten, eta Lurperatutako istorioak bigarrena, 2023an. 

Hurrengo kontzertuak