Anker - Lurperatutako Istorioak

Bizitza bera da ankerra. Zutik irautea gero eta zailagoa da. Aldiz, errespetua galtzea eta besteak gutxiestea errazegia da. Gure historia halako pasarte ilunez beterikoa da, eta horietako batzuekin osatu dute Anker legazpiarrek Lurperatutako Istorioak bigarren diskoa. Azaleratu dutenak heldutasun puntu bat gehiago du estreinako lanarekin alderatzen badugu. Euskarazko heavy/thrash metala dute oinarri, eragin modernoagoekin batera. Taula gainean irabazten ari diren esperientzia nabari da.

Laukotea ez da bera, baina euren izaerari eutsi diote. Joanes Legarda-Ereño abeslari eta gitarristak hartu du ahots melodikoen eta urratuen ardura. Jon Unzurrunzaga bateria jotzaileak laguntzen dio koroekin –baita zuzenekoetan ere–. Gainerako bi kideak dira Eneko Altzelai gitarrista eta Unax Anza baxu jotzailea. Anzak bete zuen Urko Ventureirak utzitako hutsunea. Bestalde, kamiseta eleganteak janzten ditu kontzertuetan.

Lurperatutako Istorioak abestia hautatu zuten aurrerapen bakar moduan, eta bideoklip batekin aurkeztu zuten. Asier Enbil (Asgarth) abeslariaren kolaborazioa ederki probestu dute. Bideoan ere Zuberoa Aznarez (Diabulus In Musica) kantariaren ahotsa entzun daiteke Izengabea piezan narratzaile gisa entzun dezakegulako. Ez dira gonbidatu berezi bakarrak. Laukoteak diskoko ia bederatzi abestiak lagunekin osatu nahi izan ditu.

Elbereth herrikide eta erreferenteak ez dira soilik euren doinuetan nabaritzen. Iker Manso abeslariak bere aletxoa jarri du Erretako Malkoak kantan. Nagore Imazen ahotsa ere presente dago erre zituzten sorginen izenean. Aldiz, lagun zahar bati lekua egin diote Ezintasunaren Izenean abestian. Urko taldekide ohiak urratzen du ahotsa. Azkenik, Iñaki Mujikak kolaboratu du Zutik Begira pieza borobilenean. Sarrera akustikoak, egiturak eta dituen melodiek agerian uzten dute euren konposizio onenetakoa dela.

Plataforma digitaletan azaleratu zituzten lurpean zeuden istorioak, eta orain formatu fisikoan ere eskuratu daitezke. Aipaturikoak eta beste hainbat dira kontatu nahi izan dituztenak, eta entzule orok aurkitu beharrekoak.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Izengabea
02. Lurperatutako Istorioak
03. Zendutako Garunak
04. Erretako Malkoak
05. Ezintasunaren Izenean
06. Zutik Begira
07. Garrasia
08. Itzala
09. Amen

Hurrengo kontzertuak