
Legazpiko Anker metal bandak haien herri bereko Elbereth taldeari aitortza berezia eskaini dio. Omendu abestia aurkeztu dute, Hausnartu lan berriaren lehen aurrerapena.
Hitz hauekin aurkeztu dute: "Hona hemen, bihotz-bihotzez, Elbereth taldeari eskaini nahi izan diogun omenaldi txiki hau. 25 urte luze hauetan, lagun eta erreferente izan zarete guretzat, bai talde bezala, bai gutako bakoitzarentzat. Zuekin bizitako momentu berezi ugari ditugu gordeta, eta ziur gaude ez ditugula inoiz ahaztuko. Guretzat oso berezia izan da urte guzti hauetan zuengandik jasotako animoa, konfiantza eta indarra. Omenaldi txiki honen bitartez, urte guzti hauetan guri eman diguzuena itzultzeko modu xume bat aurkitu nahi izan dugu, zuentzat. Eskerrik asko, Elbereth, gugan erakutsi duzuen laguntasunagatik, konfiantzagatik eta babesagatik".
Laukoteak laster argitaratuko du hirugarren diskoa, eta aurrekoaren antzera, kontzeptuala izango da: "Edozein pertsonak bizitzan zehar izan dezakeen une zail batean igarotzen dituen fase desberdinak jorratzen ditu kanta bakoitzak. Lehen piezatik azkenera arte emozioz eta sentipen desberdinez osatutako bidaia luze batean murgiltzen zaitu. Pertsona batek izan ditzazkeen momentu txar hauek gainditzearen prozesuan datza diskoak".
Aimar Ibarzabal (Ilun Produkzioak) taldekideak ekoiztu, grabatu eta nahastu du. Aldiz, Estanis Elorza arduratu da masterizazioaz Donostiako Doctor Master estudioan. Azalaren diseinua, berriz, Ibarzabal berak egin du, eta Nagore Imaz da azalean piano jotzen ageri den pertsona.
Jarraian ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera:

01. Amildu
02. Aditu
03. Ulertu
04. Berpiztu
05. Gainditu
06. Oroitu
07. Indartu
08. Sinistu
09. Zaindu
10. Omendu
"Sormen eta grabazio prozesua orain arteko luzeena izan da, baita landuena ere. Aurreko bi diskoak baino luzeagoa eta konplexuagoa izan da prozesua", adierazi dute.
Gogoratu behar da iazko azaroan laukotea berritu zuela Anker taldeak. Gaur egun, musikari hauek osatzen dute: Joanes Legarda-Ereño (ahotsa eta gitarra), Aimar Ibarzabal (gitarra), Eneko Altzelai (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria).