2026/08/03

Antifa Hardcore Fest bira egingo dute hiru bandek

Bizkaiko Konorte, Zumaiako Hoben eta Oñatiko Lee Kore hardcore/metal taldeek indarrak batu dituzte. Irailetik aurrera, Antifa Hardcore Fest bira egingo dute Euskal Herrian.

Hain zuzen ere, Hoben eta Lee Kore bandek iaz plazaratu zuten Antifa hardcore lan elkarbanatuari bestelako jarraipena emango diote.

Hauek dira iragarri dituzten datak:

  • Irailak 12. Akelarre kultur elkartea (Iruñea) + Ekintza 16
  • Urriak 30. Oarsokore, Niessen (Orereta) + Kuma No Motor
  • Urriak 17. Sastraka gaztetxea (Portugalete) + Couture
  • Azaroak 7. Garrastatxu txosna (Baranbio).
  • Abenduak 11. Zestoako gaztetxea.

Aldiz, jarraian irakur dezakezue bira aurkezteko plazaratu duten oharra:

"Esplotazioaz eta zapalkuntzaz beteriko mundu honetan, isilik egotea sistema honen alde egitea da. Horregatik egiten dugu hardcore politikoa eta horregatik sortu da DIY filosofian oinarritutako Antifa HC Fest. Amorru antolatuaren, klase kontzientziaren eta antifaxismoaren bozgoirailua. 

Hiru taldeok argi daukagu: musika ez da entretenimendurako produktu hutsa. Guretzat borrokarako tresna da. Kontzientziak astintzeko, elkartasuna eraikitzeko eta erresistentziarako espazioak sortzeko arma kulturala.

Kapitalismoaren, inperialismoaren, kolonialismoaren eta herrien zapalkuntza elikatzen duen edozein botere egituraren aurka kokatzen gara.

Halaber, herrien arteko elkartasuna, internazionalismoa eta zapalkuntzaren aurka borrokan ari diren herri eta mugimendu guztiekiko babesa aldarrikatzen ditugu. 

Faxismoari sua!".

Podcasta

Hurrengo kontzertuak