
Leioako Basaki alt rock/metal bandak Bizimina laugarren diskoa plazaratu du, haientzat mugarria dena. Izan ere, 30 urte bete dira 1996an elkartu zirenetik.
Zazpi abesti ditu lanak, eta haien hitzetan "inoiz idatzitako kanta aske eta zintzoenak" dira: "Su txikian egindako erritmo, doinu eta hitzak biltzen ditu, hiru hamarkadan lokalean, estudioetan eta agertokietan pilatutako eskarmentuak eta sormenaz eta bere errealitatearekiko konpromisoaz haragoko loturarik ezak detaileei begiratzeko ematen duten jakintasunetik eta arintasunetik konposatuak, interpretatuak eta grabatuak".
Asuako Chromaticity Studios-etan grabatu zuten, eta dagoeneko entzungai dago plataforma digitaletan eta hirukoaren Bandcamp atarian entzun daiteke disko berria:
Abestietako baten bideoklipa ere estreinatu dute. MIA da aukeratu duten pieza: "Galduta egoteko sentsazio etengabea hartzen du, melodia atsegin eta lelo gogoangarri zein zorrotzaz, paisaia lauso batean helmuga aukeratu ezinean halabeharrez ibilian aritu beharraren aurreko nekea". Endika Martinez (Sherpa Produkzioak) arduratu da zuzentzeaz.
30 urteko ibilbidean ehunka kontzertu eskaini eta lau disko kaleratu dituzte. Bizimina da laugarrena, eta aurretik plazaratu zituzten Esperantzaren zain (Baga Biga, 2006), Egunero hasten da (Elkar, 2011) eta III (Autoekoizpena, 2020).
Basaki hirukoa musikari hauek osatzen dute: Iker Herrero (gitarra eta ahotsa), Natxo Velez (baxua) eta Alfonso Rodriguez (bateria).