Euskal heavya edo euskarazko heavy metala apaldu orduko, susperraldi txikiak ematen dira gurean. Tolosaldeko Basati taldea da egun txikiagoa den eskola zaharra biziberritzeko prest dagoenetako bat. Gaitz ilunen ordua bigarren diskoa kaleratu berri dute, eta izenburuak iragartzen duena baino argitsuagoa izan bedi euskal heavyaren etorkizun hurbila.
Su Ta Gar aitzindarien eta bueltan diren Latzen berrosatuen bidetik, bizirik da aipaturiko eskola zaharra. Basati ez ezik, beste batzuk ere aipa daitezke: Izan Bai, Judash, Auritz, Etorkizun Beltza, Sugoi berrabiaraziak eta Kartzarot beteranoak. Garai hobeak eta olatu freskagarriak gogora ekartzeko baino, orainari erreparatzeko gaude.
Esanguratsua da Basatik bigarren diskoarekin eman duen aurrerapausoa. Proposamen zehatzagoa eta sormen landuagoa islatzen ditu Gaitz ilunen ordua lanak. Ekoizpena, berriz, merezi zutena da, soinu onarekin denak hobeto luzitzen duelako. Pedro J. Mongeren Chromaticity Studios-etan topatu dute haien heavy metalak behar zuen soinu profesionala.
Isuri gorritik datozen hamabi piezak emari berekoak dira. Batzuk biziagoak, beste batzuk pausatuak, baina guztiak melodiekin jantziak. Laukoteak argiago du jorratu nahi duen hori, eta heavy metal klasikoa eta europarra lehenetsi dute abesti berrietan. Zure zigorra izan zen estreinatu zuten lehena, eta aipaturikoa ezin hobeto definitzen du. Etorkizun iluna, Egin aurrera eta Infernura parekideak dira. Aldiz, tenpo erdikoak eta pausatuagoak direnak gustuko dituzte: Galdurik, Beldurra, Azken egunean eta egituran folk izaera duen Ager zaitez aparta.
Oldarraldia eragin gabe, Basatiren bigarren urratsa sakonagoa da, eta diskoa borobiltzeko egin duten kantu ezagun bertsioak erakutsiko die norabidea. Orain, bidean aurrera egingo dute.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Zure zigorra
02. Etorkizun iluna
03. Galdurik
04. Aske izateko desira
05. Beldurra
06. Azken egunean
07. Infernura
08. Zoramena
09. Egin aurrera
10. Ager zaitez
11. Sufrimenduzko lurretan
12. Orain (Hemendik At! bertsioa)