Cobra - Henko

Errautsetatik birsortu da Cobra, aurrera egiteko. Mugarri bat ezarri ostekoa da aldaketa, laukotea nabarmen azalberritu duena. Henko lan laburra da aro berriko lehen emaitza, iazko azaroan argitaratu zutena. Izenburuak ederki islatzen du hartu behar eta nahi izan duten erabakia. Bizitza laburregia delako motel gidatzeko.

Haritz Lete abeslariak eta Josu Luengo gitarristak urtetan alboan izan dituzten David Gonzalez eta Ekain Elorza agurtu dituzte. Haien lekua hartu dute Iñigo Ibarrondo (Sharon Stoner, Zingira) baxu jotzaileak eta Sergio G. Rebollo bateria jotzaileak —ordezko gisa denbora darama zuzenekoak ematen—, hurrenez hurren. Laukote berrituak aukera aprobetxatu du haien musikagintzari bestelako geruzak gehitzeko.

Fyre aurreko iraupen luzeko lanarekin erabat hausten ez badu ere, haien rock eta metal alternatiboa erantzi eta jantzi dute. Horretarako, mutur batetik bestera mugitzeko hautua egin dute, konplexurik gabe. Desertu lehorretan eta horien oasi hezeetan murgildu dira. Beraz, haize bolada indartsuak eta atseginak tartekatu dituzte. Henko bera eta MeteorMiyagi ederra gogora ekar dezakeena— lirateke kontrapuntua. Aldiz, Hontzaren hegaldia da beraien oraina ondoen erakusten duena.

Halabeharrezko aldaketen artetik, bada bat apropos erabaki dutena; hizkuntzarena. Ingelesezko haien errepertorio zabalean euskarak gero eta leku gehiago hartu du, eta azken lanean, hizkuntza bakoitzari hiruna pieza eskaini dizkiote. Eta euskarazkoak dira ondoen luzitzen dutenak.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Henko
02. Lost & Found (The Constant)
03. Hontzaren Hegaldia
04. Meteor
05. Drawn to the Flame
06. Odol / Kare

Hurrengo kontzertuak