2026/03/05

Dire End taldeak lamia baten eta arrantzaleen arteko istorioa kontatu du

Bizkaiko Dire End bandak XI abestia aurkeztu du, euskarazko lehena eta iraupen luzeko estreinako diskoaren bigarren singlea. Death metal tekniko eta aberatsa jorratzen dute.

"Entzulea atmosfera ilunean murgiltzen du, konplexutasun tekniko handiko pasarteak tentsio iraunkorrekoa ahots adierazgarri batekin konbinatuz. Letrarako euskara aukeratzeak nortasuna emateaz gain, gaiaren izaera areagotu egiten du, eta taldeak bere hizkuntza zein inspirazio kulturala soinu garaikide eta zorrotz batean uztartzearen alde egindako apustua azpimarratzen du", azaldu du boskoteak.

Sutxart artistak egindako bideokliparekin estreinatu dute kanta berria:

Esanguratsua da kontatu nahi izan duten istorioa:

"Istorio soil bat baino gehiago da, itsasoaren eta gizakiaren arteko itun zahar baten oihartzuna. Xixili lamiaren eta arrantzaleen arteko harremana azaltzen du, hasieran kaltegabekoa eta zintzoa ematen duen arren, sakonean indar neurrigabe baten taupadaz betea dagoena. Lamien kondairek amaiera polita izan ohi badute ere, abestian hori ere laino fin baten moduko ilusioa da. Edertasunaren azpian, itsasoko izakiak ondo gordetzen du bere boterea.

Xixilik arrantzaleak portura erakartzen dituenean hurbiltasunaren promesaren bidez, euren patuaren amaierarantz joateko dei isila da. Gutiziak eta boterearen egarriak gidatuta, arrantzaleak banan-banan eramaten ditu bere eremu ilunera, itsasoaren beso hotzetan galdu arte. Xixiliren kantua ilunabarreko azken izpiaren antzekoa da: epela eta ederra, baina berehala gauak irentsiko duena".

Dire End beste hainbat taldetan ibilitako musikari hauek osatzen dute: Erroia (ahotsa), Iñigo (gitarra), Peter (gitarra), Sergio (baxua) eta Niko (bateria).

Burned to death estreinako singlea ere bideoklip batekin aurkeztu zuten: 

Hurrengo kontzertuak