
Legazpiko Elbereth metal bandak Azken agurra, azken egurra iragarri du. Hau da, 2026ko martxoan etengo dute beraien ibilbide luze bezain emankorra.
Ohar baten bidez jakinarazi dute agurra:
"2026an 25 urte egingo ditugu lehen aldiz oholtza gainera igo ginenetik, bidean hainbat kontzertu, entsegu, kilometro, bizipen eta garagardo elkarbanatu ditugu lagun askorekin.
Mende laurdena ez da urtero betetzen, momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditugu. Mugarri asko bete ditugu, noiz edo noiz ametsak zirenak egia bihurtuz. Bost disko argitaratzeko aukera izan dugu, taula gainean inoiz pentsatu ahal ez genituen taldeekin aritzeko aukera izan dugu, eta hainbat lagun berri egiteko aukera izan dugu.
Hau guztia ospatzeko, 2026ko martxoan Legazpin joko dugu, 'Oholtza bete bihotz' omenaldiaren barruan. Kontzertu oso berezia izango da, Andoni eta Iñurri omenduko ditugulako beste behin ere, eta 25 urteren ondoren, Elberethen azkena izango delako".
Boskoteak iazko urrian kaleratu zuen Omen (Basque Metal Country) bosgarren eta azken diskoa.