Empire Of Disease - Shadows in the Abyss

Bailara egokian amildu dira. Empire Of Disease bizkaitarrek bigarrenean lortu dute lurrean sustraiak sendotzea. Shadows in the Abyss diskoak hobeto erakusten du eskaini nahi duten muturreko metal boteretsua. Abestien konposizioa eta ekoizpena maila bat gorago daude, merezi duten lekuan. Urteko lan esanguratsuenetako bat kaleratu du boskoteak.

Itzalean ibiltzetik, itzal propioa topatzera. Amorrua hobeto kanalizatu dute beraien izaera irudikatzen hasteko. 2015ean elkartu zirenetik musikariak eta proposamena aldatu dira. Hiru urte beranduago egonkortu zuten banda, nahiz eta musikarien dantzak iraun duen. 2019ko Silence is Violence lan labur interesgarriak agerian utzi zuen groove metala eta death metala nahastu nahi zituztela. 2021eko With All My Hate estreinako diskoarekin berretsi zuten aipaturiko asmoa. Aldiz, Shadows in the Abyss harago doa.

Pintxo Wayewta abeslariaren This is the Valley (The Valley kanta) oihuak iragartzen du bederatzi piezatan bildutakoa. Xtreem Music zigiluak hiru talde aipatu ditu entzule jakinak erakartzeko: The Black Dahlia Murder, Heaven Shall Burn eta Arsis. Ezin da ukatu hiru erreferentziaren oihartzuna nabari dela bizkaitarren abestietan, batez ere, aurrenekoen esentzia. Melodeath doinuak lehenetsi arren, oraindik groove metal indartsuak badu lekua beraien musikagintzan.

Egindako urratsaren eredu garbia da Time for a New Era. Alegia, aro berri bati hasiera eman diotelako. Gainerako kantetatik aipatzekoak dira Digging Our Graves aparta, Dark Side of the Soul landua eta Scum zapaltzailea. Egia esan, gozatzen den lan horietako bat da. Zuzenean eman nahi diote jarraipena eskuartean dutenari, eta kontzertu bira luzea iragarri dute. Kontzerturen batera hurbildu beharko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Xtreem Music.

Abesti zerrenda:

01. The Valley
02. Time For a New Era
03. Ghost of the Pasta
04. Digging Our Graves
05. The Game
06. Dark Side of the Soul
07. From the Depths
08. Scum
09. Shadows in the Abyss

Hurrengo kontzertuak