Urteko edozein garai da aproposa abesti berriak grabatzeko. Hain zuzen ere, hiru talde hauek 2025a bukatu aurretik bukatu nahi dituzte estudioko lanak.

Nafarroako BlackBeltz heavy/power metal banda lan berria borobiltzen ari da. NX estudioetan musika tresnak grabatu ondoren, Alberto Porresen Estudios K estudioan dabiltza. Ahots batzuk grabatu dituzte, eta han egingo dituzte nahasketak eta masterizazioa. 2017an argitaratu zuten Blood hirugarren diskoa, orain arteko azkena.

Bilboko Empire of Disease melodic death metal taldeak iraupen luzeko hirugarren diskoa grabatu du. Asuako Chromaticity Studios-etan izan dira, berriz ere, eta han bukatuko dute prozesua nahasketekin eta masterizazioarekin. Datorren urtean plazaratuko dute Xtreem Music zigiluarekin.

Iruñeko Henkore metalcore bandak denbora eman du itzalean abesti berriak konposatzen. Orain, horietako batzuk grabatzen dabiltza beraien kabuz, eta laster estreinatuko dute single berria. Guztira, hiru dira aurretik entzungai jarri zituzten kantak. Bestalde, boskotea zuzenekoetara bueltatuko da.