2022/06/26

Estudioan: Sixmika, Dormanth, Bullets of Misery eta gehiago

Euskal Herriko heavy metal musikagintzari ere eragin dio pandemiak, eta aurrera egitea erabaki duten zenbait taldek doinu berriak grabatzea erabaki dute. Estudioko lanetan dabiltzan edo aritu direnen informazioa bildu dugu.

Gasteizko Sixmika groove metal bandak Silverstar Studios-etan nahastu eta masterizatu du du EP berria. Dirudienez, The Cure of Violence izango da izenburua eta laster plazaratuko dute lehen singlea. Iker Bengoa ekoizleak nahastu eta masterizatu du.

Bizkaiko Dormanth melodic death metal taldeak uztailean argitaratuko du lan labur berria. Asuako Chromaticity Studios-etan grabatu dute, aurreko lanekin egin moduan. Laukoteak aurki emango ditu xehetasun gehiago.

Gernika-Lumoko Bullets of Misery deathcore bandak Karrantzako BlackStorm estudioetan grabatu du laugarren lana. Ekaitz Garmendia musikari eta ekoizlearen etxean izan dira.

Bizkaiko Frakture thrash metal taldeak hiru abesti berri grabatu ditu Pintxo (Empire of Disease) abeslari berriarekin. Taula gainera ere igo dira dagoeneko denak elkarrekin. Ondo bidean, laster estreinatuko dituzte doinu berriak.

Bizkaiko Ad Eternum heavy metal banda ere azken ukituak ematen ari da bere estudioko bigarren diskoari. Chromaticity Studios-etan grabatzen ari dira, eta azken fasean daudela iragarri dute. Dena dela, aurrerapen bat plazaratu zuten.

Aipaturikoez gain, estudioko lanetan dabiltzan beste talde batzuk dira Damned Ritual eta Electrikeel nafarrak, Hopelessness eta Lined gipuzkoarrak, Withredd bizkaitarrak eta Endgame arabarrak.

Aldiz, lan berria grabatuta duten eta bestelako detaileak fintzen ari direnak ere badaude. Esaterako, Asgarth gipuzkoarrek Zeldatik diskoa dagoeneko grabatuta dute. Haritz Harreguyrekin egin zuten, haren estudioan. Bergarako Lord Witch bandak ere El Despertar izeneko lan berria prest du, Rock Izar Records estudioetan grabatu zutena. Leku beretik atera ziren duela gutxi Ankerra irundarrak, estreinako lanarekin besapean. Lampr3a gipuzkoarrek ere badirudi laster argitaratuko dutela duela urtebete luze grabatu zuten diskoa. Bukatzeko, aurrera genezake Rise To Fall bizkaitarrek musika berria eskuartean dutela.

Hurrengo kontzertuak