Oporraldia aproposa izan daiteke abestiak grabatzeko eta diskoak borobiltzeko. Nafarroako hiru talde horrela dabiltza, estudioan murgilduta.

Iruñeko The Broken Horizon metalcore banda kanta berriak grabatzen ibili da Iker Piedrafitarekin, El Sotano estudioan. Iazko ekainean plazaratu zuten Nebular echo azken singlea, eta ordutik pieza berriak konposatzen eta osatzen aritu dira.

Iruñeko Taken power metal taldea pasa den maiatzean bueltatu zen agertokietara. Orain, berriz, hirugarren diskoa grabatzen hasi direla iragarri dute sare sozialetan. Urrun samar geratu da 2019an kaleratu zuten Unchained bigarren diskoa. Gerora, eten luzea egin zuten.

Iruñeko Vertigo Rising nu metal bandak bigarren diskoa grabatu du Estudios K grabazio estudioan. Alberto Porres soinu teknikariarekin egin dute lan berriz ere. Menos 2 estreinako lana 2023an argitaratu zuten.