Evil Killer - Lethal Assault

Nolakoak diren nafar hauek. Iruñeko 36 lineako autobusa hartu eta New York dirudien hiri suntsitura iritsi dira. Aldaketaren atarian, ihes egitea erabaki dute. Evil Killer bandak iraganera itzultzeko bidaiari segida ematea erabaki du. Lethal Assault lehendabiziko lan luzeak eskola zaharreko heavy metala estimatzen du. Batez ere, bizkorra, speed metal gisa ezagutzen dena. Maketatik jauzia eman dute.

70ko hamarkada bukaeran Ingalaterran sortu eta AEBetan nabarmen eragin zuen korronteak, gaur egun, erreferentzia gazteak ditu. Aitzindariek bezala, underground mailan ari dira urratsak ematen. Erosoago dabiltza horrela. Euskal Herriko eredu bakarra, oker ez bagaude, Evil Killer lauko nafarra da. Adi begiratzen diete Enforcer, Night Demon eta Skull Fist bezalako taldeei. Iturriak klasikoagoak dira, noski.

Nostalgia asko gordetzen du nafarren lehendabiziko lan luzeak. Lethal Assault lehen abestiak sarrera bikaina ematen dio. Bizi datoz gero beste hainbat. Midnight Assasin, Blood Of The Witches eta High Speed heavy/speed metal klasiko biziberrituaren eredu erakargarriak dira. Gitarra riffek sendoago seinalatzen dituzte Escape Of His Shade eta Dark Society. Instrumental batekin ere ausartu dira, hurbileko historiari doinuak jartzeko asmoarekin: 1512. Diskoaren liburuxkan Su Ta Gar taldearen lehen laneko kamisetarekin ageri dira bi taldekide. Euskaraz abestiren bat egitea da beraien erronka. Ea hurrengo lanerako.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak