
Izen aproposa aukeratu zuten, beteko den iragarpena delako. Bizkaiko Etorkizun Beltza heavy metal taldea orainean bizi da, eta denbora neurtzen ikasi du. Aleka, pixkanaka, aurkeztu zituen doinu berriak, eta horiek denak Garrasi hutsak hirugarren diskoan jaso dituzte. Gustura daude erabilitako formularekin, eta baita lorturiko emaitzarekin ere. Kolorerik gabeko solasaldia izan dugu beraiekin.
Azken hilabeteotan, abesti berriak banaka aurkeztu, sareetan azaldu eta entzungai jarri dituzue. Zergatik?
Egia esan, proiektuaren hasieran ez geneukan oso argi diskoa noiz edo nola argitaratuko zen, ezta argitaratuko zenik ere. Hasieratik, gure ideia abesti solteak aurkezten joatea izan zen, bakoitzari bere momentua eta espazioa emateko. Hiru abesti grabatu genituen, eta hauek aurkeztu ostean, diska bat osatzeak bai merezi zuela erabaki genuen, baina modu berdinean, abesti bakoitzari bere momentua emanez. Metalaren munduan, oraindik ere diska formatuak bizirik jarraitzen duen arren, musika kontsumitzeko moduak aldatzen doaz, abesti solteak gero eta gehiago entzuten dira, eta gaur eguneko formula hori probatu nahi izan dugu.
Lana osatu, Garrasi hutsak izenburua jarri eta martxoan igo zenuten plataforma digitaletara, baina iazko urte bukaeran argitaratu zenuten formatu fisikoan. Soilik zuen kontzertuetan eskuratu zitekeen, ezta?
Horrela da, bai. Formatu fisikoa aurreratzea erabaki genuen, honi ere bere esklusibidade puntutxoa emateko, eta kontzertuetara hurbildu zirenentzat saritxo gisa edo…
Euskarazko lehen heavy metal taldea zarete formula hau erabili duena. Merezi izan du taldea ezagutzera emateko eta doinu berriak zabaltzeko?
Egia esan, bai. Plataforma digitalen datuak aztertu ditugu, eta gure musika inoiz baino gehiago entzun da, alde handiarekin gainera… Agian gure inguruan ez dugu hainbeste nabaritu, baina zenbakiek hori esaten dute.
Guztira, zazpi dira lan berriko piezak, eta sei dira zuenak. Musikalki, jorratzen duzuen kutsu europarreko eta alemaniarreko heavy metaletik harago joatea lortu duzue?
Uste dugu oso ondo identifikatzen duzun kutsu hori beti edukiko dugula, baina zenbait abestitan hortik aldendu garela ere esan daiteke; breakdown txikiren bat hemendik, thrash ikuturen bat hortik… Dena gure filtrotik pasatuta, baina bai, beste estilo gogorrago batzuen baliabideak ere hartzen ditugu.
Zuena ez den kantari dagokionez, euskarara ekarri duzue Angeles del Infierno aitzindarien Maldito sea tu tu nombre, eta Madarikatua izenburua jarri diozue. Zergatik aukeratu duzue ereserki hau eta zergatik itzuli duzue euskarara?
Betidanik gustatu zaigun kanta da, eta noiz edo noiz, gaztelerazko bertsioa ere jo izan dugu kontzertuetan. Eeserki bat da eta jotzeko nahiko dibertigarria. Egun baten, dutxan zegoela, Lambori [Jon Lamborena baxu jotzaileari] bururatu zitzaion. Esaldiak botatzen hasi zen, eta emaitza uste baino hobea izan zitekeelakoan, taldeari aurkeztu zion. Asko gustatu zitzaigun, eta bertsioa lantzea erabaki genuen, beste barik. Inoiz ez dugu bertsiorik grabatu, baina uste genuen horrelako abesti ezagun eta gipuzkoar batek, merezi zuela euskarazko bertsio bat.
Hitzak, berriz, normalean bezain kritikoak dira, eta gaiak, askotarikoak: boteredunak eta dirudunak, adimen artifiziala, albiste faltsuak, gerrak... Munduari eta etorkizunari ezkor begiratzen diozue oraindik? Zuen izenagatik izango da...
Izango da… [barreak]. Gustatuko litzaiguke lehen baino baikorragoak garela esatea, baina ez. Uste dugu gai hauek jorratzea beharrezkoa dela, eta beharrezkoa izaten jarraituko duela. Inpotentziagatik ere izan daiteke, gauzak hobetzeko ezer ez egin ahal izatearen inpotentzia. Abestien bidez azaleratzen ditugu gure kritikak, eta gutxienez entzuleei hausanartzeko balioko die.
Adimen artifiziala aipatuta, zuek ere erabili duzue diseinu kontuetarako. Makinak ikastearen aldekoak ez ezik, erabiltzearen aldekoak ere bazarete?
Makinak ikasten kantan esaten dugun moduan, tresna ikaragarria bihurtu da gaur egun, baina ertz asko ditu eta ez da batere erreza guztiz alde edo kontra kokatzea. Guri adibidez, azaletarako geneuzkan ideiak garatzen laguntzeko balio izan digu. Diseinurako gaitasun askorik ez dugu, eta ekonomikoki ezinezkoa litzateke gurea moudko talde batentzat, abesti bakoitzaren azal bat garatzea diseinatzaile profesional batekin. Gero adimen artifizialek sortutako kanten inguruan kexatuko gara; ongi etorri hipokresia.
Diseinurako gero eta erabiliagoa da adimen artifiziala. Batez ere, diskoen azalak eta kontzertuen kartelak diseinatzeko. Musika sortzeko ere erabiltzen da. Horrekin ados zaudete?
Musikaren arloan, talde gisa abestiak sortzeko, uste dugu ez daukala inolako zentzurik, sormen prozesuan baitago mundutxo honen zati dibertigarrienetakoa. Egia esan, txantxetarako abestiez haratago, ez dugu horrela sortutako gauza handirik entzun, baina jakin badakigu, zenbait plataformetan sortzaile ugari ari direla adimen artifizialarekin egindako abestiak modu masiboan igotzen, eta nolabaiteko etekin ekonomikoak lortzen. Agian abestiak onak izango dira, baina artistarekin lor daitekeen konexio hori ez da posible kasu hauetan. Ez dakigu etorkizun handirik izango duen.
Boskotea berrosatu osteko lehen emaitza da Garrasi hutsak diskoa. Oskar Fernandez bateria jotzailearekin bete zenuten izandako hutsunea. Ordea, beste batekin jotzen ere ikusi zaituztegu. Zer gertatu da?
Bai, Oskarrekin landu dugu disko berri osoa, baina justu diska zuzenean aurkezten hasi ginenean, osasun arazo bat izan zuen belarrietako batean. Momentuz ezin du entseguen eta kontzertuen erritmoa jarraitu. Beraz, haren arazoa konpotzen doan heinean, Elier Perez gaztetxoak bat egin dugu gurekin hurrengo kontzertuekin laguntzeko.
Hain zuzen ere, kontzertuak ematen ari zarete, han eta hemen. Management aldaketak mesede egin dizue, nahiz eta Euskal Herritik kanpokoa den?
Jerezko Carretera y Manta management agentziarekin ibili gara azkenaldian, eta oso-oso gustora egon gara. Egia da Euskal Herrian ez dutela eragin handirik izan, baina haiei esker, estatuko toki batzuetatik mugitu gara. Zoritxarrez, agentziak taldeekin egiten zuen lana alde batera utzi du beste arlo batzuetan zentratzeko, eta ekonomikoki aurrera egin ahal izateko. Beraz, ez gaude jada haiekin. Momentu honetan, gure kabuz gabiltza.
Bestalde, euskaraz abesten duzuen arren, gaztelaniazko metal eta rock webgune ezagun batean erabaki duzue publizitatea egitea. Eraginkorrena da?
Guk ere zalantza bera izan genuen. Ordea, gerora pentsatu genuen, eta zergatik ez?. Sorpresa galanta hartu genuen pasa den urtean Jerezen eta Sevillan emandako kontzertuetan taldeak izan duen harrera bikainarekin. Hizkuntzaren muga guztiz apurtuz, jendeak ikaragarri disfrutatu zituen emanaldiak. Horrek, gure aurreiritziak nolabait birplanteatzera eraman gintuen, eta aukerak sortu direnean, zentzua ikusi diogu horrelako komunikabide batekin probatzeari.
Euskarazko heavy metala suspertu dute hiru taldek. Su Ta Gar urteurren kontzertuak ematen ari da, Latzen disko berri batekin bueltatu da zuzenekoetara, eta Asgarth biziberritu da. Hori zuentzat ona da, eta nabaritu duzue?
Jarraitzaile gisa ona da noski, guk era disfrutatuko ditugulako talde handi hauek. Baina zoritxarrez, taldearengan efektu handirik ez dugu nabaritu. Ikusle gehienak, gu ere barne, nahiko itxiak gara musika talde berriak entzuteari dagokionez, eta are gutxiago kontzertuetara joatea. Orokorrean, Latzen ikustera doana, Latzen ikustera doa ta kitto.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.