2026/10/30

"Gustura gaude diskoak izandako harrerarekin, baina sareetako irismena murriztu da"

Energia berriztagarria sortzen du Iruñeko Electrikeel hirukoaren thrash metal/crossover biziak. Martxoan argitaratu zuten Solve et coagula (Demons Records) bigarren diskoak, buruak astintzen eta gorputzak mosh eran dantzan jartzen ditu. Elektrizitate hori eskaintzen dabiltza taula gainetik, eta gustura dabiltza aukera ematen dieten jaialdietan parte hartzen. Xabier Rekalde abeslari eta baxu jotzailearekin konektatu gara.

Desegin eta batu ondoren, zer da lortzen dena?

Ikasitako jarrera tribalistengandik ihes egitea, eta arrazoian oinarritutako iritziekin ordezkatzea.

Eta zer lortu duzue zuek Solve et coagula diskoarekin?

Argitaratu ahal izatea garrantzitsua izan da guretzat, lan gogorraren emaitza delako. Harrera ona eta kritika onak jaso ditu, eta harridura ere sortu duela konturatu gara.

Hain zuzen ere, martxoan plazaratu zenuten lan berria. Nolako ibilbidea izan du ordutik hona?

Gero eta jende gehiago ari da diskoa entzuten, eta hedapena areagotzen doa. Kaleratu genuenean, espero baino arrakasta apalagoa izan zuen. Sareen funtzionamendua aldatu dela nabaritu dugu. Gustura gaude diskoak izandako harrerarekin, baina sareetako irismena murriztu da Gure ustez, fenomeno hau ez da soilik musikan gertatzen, eduki sortzaileei ere gertatzen zaielako.

Diskoari ikusgarritasuna emateko bideoklip zuzen bat eta animaziozko bideo deigarri bat aurkeztu zenituzten. Lagungarriak izan dira?

Bai, egia esan. Hainbat bideo egin nahi genituen sareetan gure lana errazago zabaltzeko. Zuzeneko bideoa presaka eta inprobisazio askorekin grabatu genuen. Ordea, animazioa hainbat hilabetez landu ahal izan genuen. Izugarria iruditzen zaigu Death in plastic abestiaren animaziozko bideoa. Marcos margolariak sekulako artista da, eta sekulako lana egin zuen.

Letra ilun eta zorrotzak ditu lanak. Bizi dugun munduaren isla dira?

Bai, nahiz eta kanta batzuen letrek soilik istorioak kontatzen dituzten. Horren adibide dira Caballo Blanco eta At the brim of madness. Dena dela, guk idatzitako abesti gehienek mezu bat daramate. Normalean, egungo arazo eta iskanbilei buruzkoak dira. Esaterako, Flesh dematerializer kanta adimen artifizialaren erabileraren inguruko hausnarketa bat da.

Hirukoa egonkortu osteko emaitza da. Musikalki ere?

Ez gaude oso ziur. Diskoa soinu eta eragin askoren nahasketaren emaitza da, eta pixka bat beldurtuta geunden ez genuelako ildo zehatz bat aukeratu.

Dena dela, muturrean kokatzen zaretela agerikoa da. Thrash metala, crossoverra, hardcorea eta beste aldarte batzuk nahasten dituzte.

Bihotza bitan banatuta daukagu. Alde batean, eskola zaharreko thrash metala dago, asko maite duguna. Bestean, berriz, garaikideagoak diren banden sormen gaitasuna miresten dugu. Oinarria thrasha den arren, gustuko ditugun askotariko taldeen eta eraginen nahasketa bat da Solve et coagula.

Aipatzekoa da Karrantzako BlackStorm estudioan Ekaitz Garmendia handiarekin lorturiko soinua. Batez ere, gordina eta erreala. Hori da bilatzen zenutena?

Bai, horixe. Oso gustura gaude lorturiko emaitzarekin. Electrikeel sortu genuenetik, betidanik egon nahi izan dugu eskola zaharraren gordintasunaren eta ekoizpen modernoago baten argitasunaren zein sendotasunaren artean. Ekaitzek lorturiko soinua pentsa genezakeena baino asko hobeagoa da.

Zuzenekoen bidez lortu duzue Electrikeel ezagunagoa egitea. Angelus Apatridarekin batera Totemen eskainitako kontzertua garrantzitsua izan zen zuentzat?

Noski. Thrash metal esanguratsu batekin agertokia konpartitzeaz gain, lan berria etxean aurkeztu ahal izan genuen. Gainera, emanaldi osoa metronomoarekin jo genuen lehenetariko bat izan zen, eta horrek urduriago jarri gintuen. Zorionez, dena ondo atera zen eta ederki pasatu genuen.

Aurrera begira, kontzertu gehiago eskainiko dituzue, eta, tartean, Bilboko Thrash or Die jaialdian parte hartuko duzue.

Oso pozik gaude aurten eskaini ditugun kontzertuekin, eta horrela jarraitzea espero dugu. Berriz ere estatutik kanpo jotzeko aukera lortu nahi genuke.

Bilboko jaialdiak lehia gogorra izango du azaroaren 21ean bertan. Beraz, zergatik ezin da galdu EuskalMetalheads elkarteak antolaturiko festa?

Muturreko metala jorratzen duten lau taldek beste batzuek baino ozenago eta gogorrago garrasi egin dezakete, ezta? [barrez]. Txantxak aparte, Sijjin, Extinction eta Radity agertoki berean ikusteko aukera askorik ez da egongo. Gainera, argi dugu jaialdian joko ez bagenu, zale gisa hara joango ginatekeela.

Bestalde, Kingdom Of Rock jaialdiari buruz galdetzeko aprobetxatuko dugu. Iaz parte hartzeko aukera irabazi zenuten. Aurten, ordea, polemika piztu da Sabaton ezagunen parte hartzea dela eta. Sionistatzat seinalatu dituzte. Zuek zer iritzi duzue?

James Hetfield eta David Draiman modukoak direla uste dugu. Agenda politikoa musikatik kanpo egon behar dela diote, baina biek dute lotura sionismoarekin. Beste mundu batean bizi direla uste dute.

Aurrera begira, zeintzuk dira taldearen asmoak datozen hilabeteetarako?

Kontzertuez aparte, abesti berriak lantzen ari gara, pixkanaka. Ez dugu presarik disko berri bat grabatzeko, baina sortzen jarraitzeko gogotsu gaude.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Electrikeel.

Podcasta

Hurrengo kontzertuak