2026/08/03

Hellbona jaialdia bertan behera uztea erabaki dute

Euskal Herriko heavy metal taldeak oinarri dituen Villabonako Hellbona jaialdiak ez du jarraipenik izango. Urriaren 10erako iragarri zuten seigarren edizioa, baina bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.

Sare sozialen bidez jakinarazi dute, eta ohar baten bidez eman dituzte azalpenak:

"Kaixo, Hellbonara etortzen, parte hartzen eta antolatzen duzuen guztioi. Aurten, Billabonako Kultura Sailarekin izandako desadostasunak eta jasotako erantzunik eza direla medio, Hellbonaren seigarren edizioa ez egitea erabaki dugu. Jaialdi bat behar bezala eta bermeekin antolatzeko ezinbestekoa da elkarlana, komunikazioa eta gutxieneko plangintza. Egoera honetan, ez ditugu baldintza egokiak ikusi aurtengo edizioa aurrera eramateko.

Tolosaldean rocka eta heavy metala sustatzea helburu duen taldea izanik, erabaki hau ez da erraza izan. Hala ere, uste dugu erantzukizunez jokatzea dela biderik egokiena. Hellbona taldeak bere jardunarekin aurrera jarraituko du, eta etorkizunean bestelako ekimen eta jarduerak iragarriko ditugu.

Adi egon gure hurrengo berriei. Agur bero bat, eta barkatu eragozpenak".

Herriko Burdina webgunearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu Hellbona jaialdiari, hasieratik bertako metal taldeei eman dieten aukeragatik eta egin dieten lekuagatik.

Bestalde, Villabonako Udalaren jokabidea deitoragarria iruditzen zaigu. Erakunde publikoek heavy metala zokoratzen eta gutxiesten jarraitzen dute, salbuespenak salbuespen. Aldiz, bestelako doinuak eta joerak dirutza publikoarekin puzten dituzte.

Podcasta

Hurrengo kontzertuak