
Arabako Herra metalcore bandak Gure doinua single berria estreinatu du. "Guretzat, musika elkar ulertzeko, gure deabruei aurre egiteko eta aurrera egiteko modu bat izan da. Gai honek horri buruz hitz egiten du: nola musikak salbatu eta elkartu gintuen familia gisa", azaldu dute.
Marco A. Papiz argentinarraren ekoiztu eta grabatu dituzten beste kantetako bat da, eta Oinaz Merchan taldekideak egindako bideokliparekin aurkeztu dute.
Haien nortasunarekiko eta osasun mentalaren konpromisoarekiko leialak izanik, arabarrek musika jartzen dute ardatz "erresilientzia, batasun eta askapen emozionalerako" tresna gisa. "Abesti intimista bat da, artea minaren aurrean babesleku eta sendabide nola bihur daitekeen islatzen duena", nabarmendu dute.
Aurretik, Ispiluaren aurrean singlea plazaratu zuten. Alvaro Forondak zuzenduriko bideoklipa jarraian ikus dezakezue:
Iaz beste bi abesti solte aurkeztu zituzten, formula berarekin. Marco A. Papiz arduratu zen ekoizpenaz eta grabazioaz, eta Alvaro Foronda bideoklipen zuzendaritzaz:
Herra - Ehuneko hamaika
Herra - 40 segundu
Hainbat kontzertu iragarri dituzte doinu berriak eskaintzeko. Martxoaren 19an, Gasteizko Urban Rock Concept aretoan joko dute Guilt Trip bandaren gonbidatu moduan. Maiatzaren 24an, berriz, Zorrotzako gaztetxean izango dira Opal In Sky eta Give'em Blood taldeekin batera.
Herra taldea bost musikari hauek osatzen dute: Hodei (ahotsa), Oinaz (gitarra), David (gitarra), Iñigo (baxua) eta Carlos (bateria).