Herra - Zazpi

Aleka hazi ondoren, Herra arabarrek aurreikuspenak bete dituzte estreinako diskoarekin. Zazpi da izenburua eta bere baitan duen abesti kopurua. Zenbaki borobila da, apropos aukeratua. Izan ere, lanak zazpi bekatu nagusiei egiten die erreferentzia, eta ale bakoitza dauden gaixotasun mentalen metafora bat da. Gai konplexua eta tabua izanik, ausart jokatu du boskoteak.

Pandemiak gure artean bagenituen errealitate latz batzuk azaleratu eta okertu zituen. Esaterako, osasun mentalaren afera. Asko dira gaixotasun mentalak dituzten pertsonak, eta horietako asko itzalean bizi dira. Horiek argitara ateratzeko saiakera interesgarria egin dute arabarrek. Irakurri beharreko letrek bat egiten dute jorratzen duten metal alternatibo, moderno eta indartsuarekin. Erreferente gisa Machine Head aipatzen dute, baina gurera etorrita Biok gogoratuko dugu.

Egun ilunak ez dira atzean geratu, baina aurrera egitea lortu zuten Adimenaren kartzela, Oroitzapenak eta Lainoak bihotzean single solteekin. Egitura eta esentzia berekoak dira diskoan topatuko ditugun puzzlearen zazpi piezak. Formula zeharo barneratua dute: oinarrizko riff bat eta ahots urratu zein melodikoen arteko harreman eraginkorra. Hiru osagai horiek ez dira falta, nahiz eta ale berrienetan gitarren punteatze ederrak izan nobedade. Horrekin batera, Gasteizko Silverstar Studios-etan eraiki dute euren soinua.

Zazpiak bat esan ohi da gurean, eta Herraren kasuan, zazpiek bat egiten dute. "Zuloan zentzua galdu egin nuen, zuloan iluntasunean hobeto ikusten nuen", dio Gizagaldua lehenak. Diskoan barneratzeko egokiena da. Gordinagoa da Zoriontasuna erosten, eta, aldi berean, melodia gogoangarriena dauka. Bideoklip banarekin aurkeztu dituztenak dira Flashback eta Errealitate deformatua. Haserrea eta inbidia bekatuen metafora dira, hurrenez hurren. Gainerako bostenak zeintzuk diren argitzea entzuleari dagokio.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Gizagaldua
02. Zoriontasuna erosten
03. Harro
04. Errealitate deformatua
05. Arima hauskorra
06. Flashback
07. Duintasunez

Hurrengo kontzertuak