2022/03/15

Hex: "...And Thus Spoke Darkness" abestiaren bideoklipa ikusgai

Bizkaiko Hex death/doom metal taldeak Behold The Unlighted lan laburra argitaratuko du martxoaren 24an. ...And Thus Spoke Darkness bigarren aurrerapenaren bideoklipa ikusgai jarri dute. Adolfo WB gitarrista eta sortzaileak zuzendu du, Charly Rod eta Santos G. teknikariekin batera.

Ekaitz Garmendiaren Karrantzako Black Storm estudioan (Sijjin, Numen, Hilotz, Knives) grabatu zuten, eta hiru abesti izango ditu. Binilorako masterizazio propio bat egin du Temple Of Disharmony estudioko Patrick W. Engel artisauak (Asphyx, Tiamat, Paradise Lost). Azala, berriz, Adolfo WB berak egin du.

01. As Darkness Descends Upon You
02. Impending Doom Towards Darkness
03. ...And Thus Spoke Darkness

Aurretik, Impending Doom Towards Darkness abestiaren letren bideoa aurkeztu zuten:

Lan berria hainbat formatu eta zigilurekin plazaratuko dute. CDan Vertebrae, Negre planY eta Hecatombe Records zigiluekin. Eta LPan, beranduago, Vertebrae, BlackSeed Productions, Burial Records, Hecatombe eta Pathologically Explicit Recordings zigiluen arteko lankidetzarekin.

Master taldearekin penintsulan egingo duten biran aurkeztuko dute EPa, eta boskote berritua. Batzen azkenak Manex Akerburu baxu jotzailea (Denial ohia) eta Rober Garcia bateria (Shallow Waters, Denial ohia) dira. Gainerako musikariak dira Adolfo Cantoya eta Jon Ander Esteban gitarristak, eta Jonathan Pernia abeslaria.

Hurrengo kontzertuak