2026/02/04

Hogei urte bete ditu 'Altzairu goria' bildumak

Herriko Burdina webgunea sortu eta lau urtera plazaratu genuen Altzairu goria bilduma, Ortots zigiluarekin. 2006ko otsailean izan zen, eta, beraz, hogei urte bete ditu.

Euskal Herriko heavy metalgintza sustatzeko, 500 aleko argitalpen propio bat egitea erabaki genuen. Oraindik ale gutxi batzuk geratzen dira, eta formatu fisikoan eskuratu daiteke gurekin harremanetan jarrita.

Bilduma digitalki eskuratu eta entzun nahi baduzue, gure Bandcamp atarian duzue:

Hamabost taldeko bilduma da, eta horietatik bakarra da desegin ez dena —guk dakigula, behintzat—. Amurrioko Nakkiga black metal banda da biziraun duena. 

Gainerakoek jarraitu ez arren, aipatzekoa da talde horietako musikariak beste proiektu batzuetan dabiltzala:

· Azken Garrasia (Donostia, heavy metal): Bjorn Mendizabal bateria jotzaileak Quaoar eta Avalanch taldeetan jotzen du, besteak beste.

· Denial (Aretxabaleta, melodic death metal): Rober bateria jotzailea eta Manex baxu jotzailea beste bi bandetan dabiltza, Shallow Waters eta Hex.

· The Name (BIlbo, heavy/gothic metal): Bananduta dauden ala ez ziurtatu ezin dugun arren, Guillermo abeslariak eta gitarristak Samarithan proiektua sortu zuen.

· Ipar Haizea (Zarautz, heavy metal): Mikel Lazkano gitarristak gogotsu jarraitzen du Leize beteranoekin.

· Sorgerth (Bermeo, death metal): Utzita duten ala ez dugu ziurtatzerik. Dena dela, Andoni Santiago abeslaria Urlik bikotearen parte da. 

· Odd Heathenish (Bilbo, death metal): Asier bateria jotzaileak eta Endika gitarristak Knives taldean jotzen dute, aurretik Darkness By Oath bandan aritu ondoren.

· The Howl (Bilbo, heavy metal): Ez dugu kideen beste proiekturen baten berririk.

· Razze (Bilbo, hard rock): Gontzal Bilbao baxu jotzailea Fear Crowd eta Blackhearth taldeetan dabil.

· Omendark (Bilbo, black metal): Ez dugu kideen beste proiekturen baten berririk.

· Sugaar (Bilbo, viking metal): Under Silence izena hartu zuten gerora, eta banda hartan ibili ziren Jon Koldo Tera (Incursed, Vhäldemar) eta Rober Bruna (Görgar).

· Mendeku Itxua (Usurbil, heavy metal): Ixak Arruti abeslari zein gitarristak eta Martin Larrañaga bateria jotzaileak Izan Bai taldean dihardute.

· Mortinatum (Amurrio, black metal): Ez dugu kideen beste proiekturen baten berririk.

· Waldheim (Bilbo, melodic death metal): Kide asko pasatu ziren bandatik, eta musikan jarraitzen dutenak dira Adolfo Cantoya (Hex), Diego (Conflict Noise), Alex de Benito eta Seyerot.

· Suffering Down (Loiu, black/death metal): Eöl teklatu jotzaileak Elffor proiektu propioa du eta Numen taldeko kidea da.

Bestalde, aipatzekoa da azalean ageri den Patxi Errementariaren ilustrazioa Igor Mugerza artistarena dela. Gainerako diseinuaz, berriz, Unai Bergara arduratu zen.

Hurrengo kontzertuak