Holy Rippers - Soldier of darkness

Desertuan barneratu ginen iaz, eta urte berriarekin lortu dugu handik ateratzea. Hondar gaineko bidaia da Holy Rippers bizkaitarrek Soldier of darkness estreinako diskoan irudikatu dutena: kaktusak, industriaguneak, hiriak, giro idorrak eta likorez beteriko oasiak eta ilargi handi baten begirada. Soinu banda, berriz, klasikoaren eta garaikidearen arteko borroka bat da.

Hamar urratsetan, askotarikoak dira oinatzak. Tamaina eta forma desberdinak dituzte. Hard rocka, heavy eta thrash metal klasikoa, stonerra eta punk rocka geratzen dira itsatsita oinetakoen zolapean. Eskaintza horren irekia izanik, normala da desertutik irteteko zailtasunak izatea. Halere, entzulea ez da zerraldo geratuko, alderantziz baizik.

Lan laburrean jaso zituzten bost piezak berrikusi dituzte, soinu aldetik nabarmen hobetuz, eta beste bost dira berriak. Soldier of darkness, Witches on stage eta Black swan abestiek agerian uzten dute laukoteak heavy/thrash klasikoa gustuko duela. Aldiz, hard rocketik punk rockera doazenak dira Johnny Pine Tree eta Where is Jack. Baita euskarazko biak ere: Ezinean eta Destiny. Bestalde, aipatzekoa da sabbath kutsuko Don’t fuck me around likatsua.

Arnasa behar den moduan hartu ondoren, desertura bueltatzeko unea da. Bizkaitarrekin topo egitea ez da horren zaila izango.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Johnny Pine Tree
02. Soldier of darkness
03. Ezinean
04. Where is Jack
05. Reborn
06. Black swan
07. Witches on the stage
08. Don't fuck me around
09. Destiny
10. Rumspringa

Hurrengo kontzertuak