Incursed - Baskavigin

Euskal baleazaleen historiako pasarte ilunena kontatu eta kantatu dute Incursed bizkaitarrek. 1615. urtean gertatu zen Islandian, eta 50 marinel zein arrantzale erail zituzten islandiarrek. Sarraski hura Baskavigin izenez da ezaguna, eta hori bera da boskoteak hautaturiko izenburua bosgarren diskorako. Euskoislandierazko hitza da, euskara eta islandiera uztartzen dituen pidgin hizkuntzan jasoa. Baskavigin abestian ere tartea egin diote: “For ju mala gissuna, heriotza da isuna / For ju mala gissuna, ordaindu zor duzuna”.

Gizon gaiztoak izan ziren baleazaleetako batzuk, baina ezin gauza bera esan Incursed folk metal kuadrillaz. Amalur lanaren aurretik pentsatu zuten historia kontatzea, eta zintzotasunez mantendu dute asmo hura errealitate bihurtzeraino. Dena dela, Baskavigin ez da disko kontzeptual bat, itsas bidaia baten abiapuntua baizik. Adolfo Warbannerrek egindako azal ikusgarrian ageri den itsasontziak olatuak gainditzen ditu askotariko abenturetara iristeko. Batez ere, epikoak eta bihurriak dira.

Milatik gora dira folk metala jorratzen duten taldeak, baina azkenean Incursed bat eta bakarra da. Urtetan izaera propioa lortzeko egindako lanketaren emaitza biribilena da Baskavigin diskoa. Gainera, estiloak dituen bi joeren arteko oreka lortu dute. Izan ere, folk metala ulertzeko bi era daude. Batetik, jatorrizkoa dago, muturreko metala –black metala, death metal melodikoa, ...– eta folka uztartzen dituena. Bestetik, aisialdi hutsera mugatzen dena dago –Alestormizazio madarikatua–, festa, alkohola, mozorroak, ahate erraldoiak eta beste nahasten dituena.

Ontzi liburuak hamaika atal ditu eta iparrorratza behar da bakoitzera iristeko. Entretenigarria bezain dibertigarria da entzunaldia. Umore onarekin dena da posible, eta boskoteak asmatu du musikagintza irudiaren gainetik lehenesten. Alegia, sormena garrantzitsuagoa da beraientzat. Who Stole My Beer, Eusko Troll Label eta Patxi Porroi dira pieza umoretsuenak, nahiz eta garagardoen aparrak Souls on Fire zoragarrira ere iristen diren. Colossal eta Paganauts epikoekin batera, aipagarrienak dira.

Historia eta hizkuntza ageri dira iruzkin honen arestian. Bukaeran, berriz, euskarak merezi du aipamena. Izan ere, Baskavigin da Incursed bandak euskara gehien erabili duen diskoa. Ez da kasualitatea, eta horrela aitortu dute beraiek. Folk metalaren itsaso zabalean nabarmentzeko altxorra badakite zein den.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Helheim Records.

Abesti zerrenda:

01. 1615 [intro]
02. Baskavígin
03. Who Stole My Beer?
04. The Black Hunter
05. Colossal
06. Eusko Troll Label
07. Into the Curse
08. Patxi Porroi
09. Paganauts
10. Souls on Fire
11. Saltus eta Ager
- Pt. I: Saltvs Vasconvm
- Pt. II: Ager Vasconvm

Hurrengo kontzertuak