Ez da erraza taldeak egonkortzea, baina beharrezkoa da aurrera jarraitu nahi dutenentzat. Hiru banda hauen erabakia da.

Nafarroako Xtasy hard rock taldeak kide baten aldaketa iragarri du. Aurrerantzean, Aritz Yarza (Sinner Rage) gitarra jotzailearekin ariko dira zuzenean. Carlos Salsek (Kilmara) utzitako hutsunea beteko du. Horrela, aurten kaleratu dute Phoenix lan berriaren aurkezpen birari eutsiko diote.

Baionako Horion black metal banda laukote izatera pasatu da. Priam biolontxelo jotzaileak uztea erabaki du, eta ez dute ordezkorik bilatuko. Musika tresna horren ekarpena beste era batera islatuko dutela adierazi dute. Era berean, iraupen luzeko lehen diskoa konposatzen ari direla jakinarazi dute.

Irungo Blast Wave power metal taldeak boskotea berrosatu du Iker Muñagorri (Hail Noise ohia) gitarristarekin. Gogoratu behar da David Cabanillas gitarra jotzaileak ezustean utzi zuela banda, eta laukote gisa zuzenean aritu badira ere, bost kiderekin nahiago dute.